Puntanoetarako eta Aita Marirako proiektu urbanistikoen berri eman du udalak

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 29a, 14:01
IƱaki Ostolaza alkatea, goizean egindako prentsaurrekoan. (Juan Luis Romatet)

Jaurlaritzarekin adostutako plangintza honen arabera, gaur egun Aita Marin dagoen futbol zelaia Puntanoetara eramango da, eta lursail horretan etxebizitzak egingo ditu udalak. Puntanoetan, berriz, alokairu sozialerako etxebizitzak egingo ditu Jaurlaritzak. 

Puntanoetarako eta Aita Mari auzategirako diseinatutako proiektu urbanistikoaren berri eman du gaur Zumaiako Udalak. Hala, Eusko Jaurlaritzarekin adostutakoaren arabera, Aita Mari futbol zelaia Puntanoetako atzealdera eramango da. Puntanoetan bertan eta Aita Marin, futbol zelaia kokatzen den lursailean etxebizitzak egingo dituzte.

Iñaki Ostolazak azaldu duenez, 2020ko urrian hasi ziren lanketa honekin, eta nahiz eta pandemiak eten bat suposatu zuen, proposamen bat adosteko lanetan aritu dira denbora honetan guztian Eusko Jaurlaritza, Zumaiako Udala eta Asmatu ingenieritza bulegoa. "Iazko urte bukaeran zerbait adostu genuen, baina adostasun osoa pasa den astean lortu genuen. Bi urte baino gehiago behar izan ditugu horretarako", adierazi du Ostolazak.  

Puntanoeta eta Aita Mari auzategian eragin zuzena izango du proiektu honek. Behin proiektu hau gauzatzen denean, gaur egun Aita Mari auzategian dagoen futbol zelaia Puntanoetara eramango da, egungo etxebizitza blokeen atzealdera. Horrekin batera, Zumaiako Futbol Taldeko beharrei erantzunez, 7ko futbolerako zelai bat ere kokatuko da berdegune handiaren alboan. Kokapen hark kirol instalazio gehiago hartzeko espazioa duela ere esan du alkateak, eta gaur egun kiroldegi inguruan dauden zenbait azpiegitura Puntanoetara eramatea ere ez dute baztertzen. 

Etxebizitzak Aita Marin

Futbol zelaiak utziko lukeen lekuan etxebizitza berriak egiteko asmoa ere iragarri du Ostolazak. Baita auzategiko etorbideari luzapena ematekoa ere. Gaur egun etorbideak futbol zelaiarekin topo egiten du, eta bertatik ateratzeko autoek buelta eman behar dute. Kirol instalazio hori kentzeak, etorbidea Jadarreko zubiraino luzatzea bideratuko luke. Horrek Basadi, Aita Mari edota Alaiko sarrerak eta irteerak aldatzeko aukera emango duela ere azaldu du alkateak.

Futbol zelaiak utzitako lekuan 165 bat etxebizitza inguru eraikiko direla iragarri du Ostolazak. Horietatik 33 alokairurako izango dira, eta besteak tasatuak edo libreak. Ahalik eta etxebizitza tasatu gehien egiten saiatuko direla ere iragarri du alkateak. 

Etxebizitzen azpian lurrazpiko aparkalekuak egiteko asmoa ere azaldu du udalak. "Bi solairu izango lituzte, eta etxejabeentzako aparkalekuak izateaz gain, beste 200 plaza publiko izatea ere aurreikusten da", nabarmendu du Ostolazak.

Puntanoetako promozioa

Eusko Jaurlaritzak Puntanoetan 150 etxebizitza egitea dauka planteatuta aspaldidanik. Alokairu sozialerako etxeak izango dira. Izan ere, araudi aldaketaren ondoren salmentarako babes ofizialeko etxebizitzarik ezin da egin. Aurreko hitzarmen baten arabera, Jaurlaritzak diru bat aurreratu zion Zumaiako Udalari inguru hura urbanizatzeko –baita lur kutsatuak kentzeko ere–; bost bat milioi euro jaso zituen udalak, hain zuzen. "Jaurlaritza lanean hasi aurretik, zenbait inbertsio egin behar zituen udalak kokapen hartan", gogoratu du alkateak.

Iaz udalak Jaurlaritzari proposamen bat egin ziola ere adierazi du Ostolazak. "Beraiek arduratzea oso-osorik Puntanoetako plangintzaz –erraztasun handiagoak dituztelako– eta udala Aita Marikoaz. Ordainetan, aurreratutako diru haren truke, Aita Marin egingo diren alokairurako 33 etxebizitza emango dizkio udalak Jaurlaritzari. Bukatutako etxebizitzak, alegia. Jaurlaritzak alokairuko etxebizitzak edukitzeko interesa du, eta udalak, hala, ez luke dirurik aurreratu beharrik izango Puntanoetako urbanizazioa egiteko". 

"Paradigma aldaketa"

Etxebizitza gaiaren inguruan, hurrengo agintaldietara begira herrian "paradigma aldaketa" bat izango dela ere azaldu nahi izan du alkateak. Hala, azpimarratu du alokairu publikoko parkea 183 etxebizitza berriz osatuko dela nabarmendu du. "Urteak goaz etxebizitza promozio berririk gabe, baina urte bukaeran, espero, Torreagako promozioko etxebizitzak –250 etxe– egiten hasiko dira. Bi edo lau urte beharko dira Puntanuetako lanak martxan jartzeko, eta behin futbol zelaiak egin eta gero, lau edo sei urteren bueltan, hasiko dira Aita Mariko lanak. Urte batzuetan etxebizitzak erosteko edo alokairura joateko aukera izango da Zumaian. Eskaintza handiagoa izanda, espero dugu horrek izango duela prezioetan efektua".