600.000 euroko dirulaguntza jasoko du udalak Algorri interpretazio zentroa eraberritzeko

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 11a, 12:45
Algorri interpretazio zentroa, Juan Belmonte kalean. (Juan Luis Romatet)

Debegesa garapen agentziaren bitartez egin zen eskaera, eta Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrientzako 1,8 milioi euro lortu dira. 

600.000 euroko dirulaguntza jasoko du Zumaiako Udalak Juan Belmonte kaleko matadero zaharra eraberritzeko. Kopuru horrekin, Algorri interpretazio zentroa hartzen duen eraikineko fatxada eta teilatua berritzeko asmoa duela azaldu du udala ohar baten bidez. 

Dirulaguntza hau Euskal Kostaldeko Geoparkeak Debegesa garapen agentziaren bidez eskatu zuen eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak banatu ditu, Europar Batasuneko Next Generation funtsen barruan, Jasangarritasun Turistikoko Hirugarren Planari erantzuteko. Guztira, 1,8 milioi euro jasoko dituzte Geoparkea osatzen duten hiru udalerriek (Debak, Mutrikuk eta Zumaiak). Zumaiaren kasuan, Algorri interpretazio zentroa eraberritzeko erabaliko duela iragarri du udalak.

Ez da naturaren interpretazio zentroarekin lotuta udalak jasoko duen laguntza bakarra. Izan ere, iazko abenduan ia milioi erdi euroko (495.000 euro) laguntza jasoko duela azaldu zuen udalak, kasu horretan, zentroko proiektu museistikoa garatzeko erabiliko duena. Lan hauek 2024 eta 2025 urteen artean egitea aurreikusten dute. 

Guztira, funts hauetatik ia bi milioi euro jasoko direla txalotu du udalak. Algorri zentroa eraberritzeaz gain, kopuru horretako zati bat Moilaberriko estazio zaharrera turismo bulegoa eramateko erabiliko duela iragarri zuen bere momentuan udalak.