Ondartxotik mundu zabalera

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 16a, 14:11
Xabier Alberdi azalpenak ematen Ondartxo inguruan. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako portuaren historiaz aritu zen solasean Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdi Moilaz moila programaren barruan joan den larunbatean egindako bisita gidatuan.

Itsasora begira dagoen herria da Zumaia. Merkataritza jarduera handiko portua izan da Zumaiakoa, eta horren guztiaren berri eman zuen Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdi historialariak pasa den larunbatean egindako bisita gidatuan. Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroko (ZIIZ) Xabier Alvarez izan zuen azalpenetan laguntzaile.

Moilak. Tradizioz berritzaileak izeneko erakusketa abiatu zuen otsailean Euskal Itsas Museoak, eta programazio horren barruan, Moilaz moila izeneko bisita gidatuen programa antolatu du, Gipuzkoako portuak ezagutzera emateko. Aurretik, Mutrikuko eta Donostiako kaien nondik norakoak ezagutzeko aukera izan zen; pasa den larunbatean, berriz, Zumaiakoenak. Eguraldiak ez zuen lagundu, eta jende gutxi bertaratu zen bisitan parte hartzera.

Ondartxotik abiatu zen saio ibiltaria. Izan ere, gaur egun plaza den gune horretan kokatu zen Zumaiako lehen portua. "Herriko lehen moila Zumaiako hiribildutik kanpo kokatzen zen, San Telmoko arrabalak bezala ezagutzen den lekuan". Itsasoa Ondartxora eta Ardantzaraino heltzen zen mende haietan. "Marea errota zegoen gaur egun San Telmo kalearen sarrera dagoen lekuan, eta hiribildutik San Telmora joateko, errotako presaren gainetik igaro behar izaten zuten orduko zumaiarrek".

Bailarako burdinoletan ekoizten zuten burdina ontziratzen zuten Zumaiako portuan. Alberdik gogoratu zuen XIX. mendean gainbehera izan zutela burdinolek, eta beste jarduera industrial batek hartu ziola lekukoa; zementugintzak, alegia. "Zementua egiteko materiala eta hura egosteko lignitoa zegoen inguru honetan, eta hala hasi ziren porlan naturala egiten". Zumaiako zementuak nazioartean fama handia izan zuela ere adierazi zuen Alberdik. "Zementu hark bazuen berezitasun bat: ur azpian ere gogortu egiten zen. Espainiako eta Europako portu asko egin dituzte Zumaiako porlanarekin".

Zementugintzak beste jarduera ekonomikoak bultzatu zituela ere azaldu zuen Euskal Itsas Museoko zuzendariak. "1890eko hamarkadan dartsena sortu zuten Ondartxon, eta horrekin batera, beste industria batzuk sortu ziren; jute zakuak egiten zituen Arbillagako fabrika eta ontziolak Zumaiako erriberetan, hain zuzen. Zementua gabarretan ekartzen zuten ibaian behera; Ondartxon bertan egindako zakuetan sartu eta ontzien bidez eramaten zuten mundu osora".

Zaku fabrika izatetik ontziola izatera pasatu zen Ondartxoko Arbillaga, Nafarroako Eraso familiak erosi zuenean. Industria jarduera sendoa zuen garai hartan Zumaiak, eta horrek sortu zituen gatazka batzuk ere orduko udalarekin. "Paolaldean kokatzen ziren enpresak handitu nahi zituen Erasok, baina udalak ez zion utzi. Haserretuta, Zumaia utzi eta Pasaiara joan zen Areso, eta han zabaldu zuen Gipuzkoako ontziola handiena izango zena", azaldu zuen Alberdik. "Hori hala izanda ere, kontuan hartu behar da abiapuntua Zumaian izan zuela".

Orduko Zumaiako gizartean garrantzitsuak ziren beste zenbait zerbitzu –alondegia edo arrantzaleen kofradia, esaterako– portuaren bueltan kokatzen zirela ere gogoan izan zuen Alberdik. "Herrira sartzen ziren produktuei zergak ezartzen zizkieten alondegian; moilan kokatuta zegoen, eta haiek ohartu gabe ez zen inor pasatzen". Kofradia bazuen ere, Getariakoak edo Oriokoak ez bezala, Zumaiako portuak ez du izan arrantza jarduera garrantzitsurik historian zehar, "arrantza ontzi flota txikia izan duelako".

Beharrak hala bultzatuta, Ondartxo estali eta gaur egungo moila sortu zuten, baita Moilaberrikoa ere hamarkada batzuk geroago, Urola trenaren adarrarekin. "70eko hamarkadara arte egon zen martxan Moilaberriko kaia. Garraioak errepide bidez egiten hasi zirenean, gainbehera izan zuen", esan zuen ZIIZeko kide Alvarezek.

"Beste portu batzuetan ez bezala, berrikuntza ez da inoiz eten Zumaiakoan, eta hor aurrean dugun ontzi hori da horren adibide", esanez amaitu zuen bisita Alberdik, Balenciagan egindako azken ontzia seinalatzen zuen bitartean.