Indamendi Eguna ospatuko dute mendizaleek igandean

Maria Maya Manterola 2023ko mai. 17a, 11:00

Egun horrekin emango diete amaiera mende erdi bete duen elkartearen ospakizunei. Aurrerantzean ere "zumaiarrei mendirako bidea errazten" jarraitzeko asmoa dute.

Indamendi Eguna ospatuko dute igandean, hilaren 21ean, Zumaiako mendizaleek. Izan ere, Indamendi Mendi Bazkunak 50 urte bete ditu aurten, eta ospakizun ugari egin dituzte. Igandekoa izango da azkena: 9:00etan abiatuko dira Beheko Plazatik elkartearen izena daraman mendira, eta goian mokadutxoak, sari banaketa nahiz oparien zozketak egingo dituzte. Bueltatzeko, autobus zerbitzua egongo dela jakinarazi dute. 

Marina Berri jatetxean jarraituko du festa giroak. Egun horretan, 50 urteak ospatu eta "etorkizun berriari ongi etorria" emango diete: "Aurrerantzean ere zumaiarrei mendirako bidea errazten jarraituko du elkarteak, eta bazkide eta laguntzaile guztiekin, erronka berriei aurre egin ahal izango diegula espero dugu".