Izena eman daiteke Zumaiako Futbol 7 Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 30a, 19:00

Ekainaren 12ra bitartean inskribitu ahal izango dute taldeek, eta 120 euro ordaindu beharko dituzte. Hasiera batean, 32 taldetara mugatu dute parte hartzea.

Ekainaren 20an abiatuko dute aurten Zumaiako Futbol 7 Txapelketa, eta antolatzaileek dagoeneko ireki dute izena emateko epea; horretarako azken eguna ekainaren 12a izango da, hain zuzen ere. Ekainaren 15ean, halaber, talde guztien arduradunekin bilera egingo dute taldekatzeak azaltzeko eta arau ezberdinak birpasatzeko.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, taldeak mutilez eta neskez osatuta egon daitezke. Gutxienez zazpi jokalarik osatu beharko dituzte, eta 17 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte. Hori bai, printzipioz 32 taldetara mugatu dute parte hartzea. 

Izenak emateko formulario hau bete beharko da. Taldeko 120 euro ordaindu behar dira txapelketan parte hartzeko. Diru sarrerak egiteko bi aukera izango dira: kontu korronte bidez (ES31 3008 0172 0330 7957 7015), edo Bizum bidez 688 87 84 51 telefono zenbakian ekainaren 12a baino lehen, esan bezala.

Partida guztiak Aita Mari futbol zelaian jokatuko dira, eta taldekatze fasean lehenengo bi postuetan geratzen diren taldeak ligako kanporaketara sailkatuko dira. Gainerakoak, berriz, kopako kanporaketan jarraituko dute lehian.

Antolatzaileek azpimarratu dute errespetua lehenetsiko dutela uneoro, bai partidetako epaileekin eta jokalariak euren artean, baita futbol zelaian dauden arduradunekin ere.