Etxeko eta etxetik kanpoko artista

Maria Maya Manterola 2023ko aza. 28a, 16:00
Oihana Rodriguez, bere lehen diskoaren entzuketa festan, Zumaiako Emakumeon Etxean. (Maria Maya Manterola)

Oihana Rodriguez musikariak lehen bakarkako lana plazaratu berri du. Akaleia izen artistikoa erabili du, eta gogorarazpen mezu bat bidali nahi izan dio bere buruari izenarekin: Ondoloin.

Musika klasikoarekin harreman estua izan du Oihana Rodriguez musikari zumaiarrak. Alor horretan egin zituen lehen ikasketak, eta talde ugaritan aritu da ordutik, Marlik eta Neonak taldeetan, esaterako. Bere lehen lana plazaratu zuen joan den astean: Ondoloin.

Hamar abesti ditu guztira diskoak, eta bat sustapen gisa argitaratu du aurrez. Nire etxeko artista abestia da bildumako pieza bat, eta proiektuaren inguruan hitz egiten du, hain zuzen ere: "Txikitan niretzako eta beste jende askorentzako nahikoa zen amaren artista kutuna izatearekin; ez duzu gehiago behar. Kulpak kentzeko kanta bat da: tabu bat da esatea proiektua ondo joatea nahi duzula edo arrakasta izan nahi duzula".
 
Lehenago ere entzun ahal izan da Rodriguezen musika, diskoan sartu ez dituen bi abesti solte argitaratu baititu. Duela urtebete egin zuen lehena, eta "probatzeko" asmoa zuen horrekin. Otsailean erabaki zuen diskoa ateratzea, jendearekin hitz egin eta proiektua gauzatzeko baldintzak zituela ikusi ondoren: "Orduan pentsatu nuen arriskatzea". 

Bi hilabete igaro ditu Rodriguezek Jurgi Taboadaren Ozen estudioan grabaketak egiten. Haren hitzetan, "perfekzionismoagatik" pasatu du hainbeste denbora estudioan, eta egindako lanak balio izan duen arren, "erotuta" amaitu duela ere aitortu du. Taboadaren papera garrantzitsua izan da zentzu horretan. Rodriguezen arabera, denbora gehiago ere igaro zezakeen diskoa prestatzen, baina Taboadarekin batera erabaki zuen lanari behin betiko amaiera ematea.

Bakea sentitu du disko berria argitaratuta, baina ez du denbora asko egin geldirik: "Astebeteko atsedena hartu nuen, eta dagoeneko hasi naiz kanta berriak sortzen". Aurrerantzean, zuzenekoetan entzun ahal izango da orain artean sortutakoa.