Asteburuan hasiko dira santelmoetako danborradetarako entseguak

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 21a, 10:00
Haur danborrada Otezuri parean.

Helduen danborradako entseguak ostiralean hasiko dira eta haurrena larunbatean. Biak ere Herri Eskolak Sagarbiden duen eraikineko aretoan egingo dira.

Dena ondo bidean, apirilaren 7an egingo dira San Telmo jaietako danborradak, haurrena eguerdian eta gauez helduena. Bi jarduerak behar bezala prestatzeko entseguak egingo dituzte datorren asteburutik aurrera. Haurrena zein helduena Zumaiako Herri Eskolak Sagarbiden duen eraikineko aretoan egingo dira.

Helduen danborradako entseguak ostiralean, hilaren 23an hasiko dira. Lehenbizi, 21:00etan, informazioa emateko bilera egingo dute eta izen emateko aukera ere zabalduko dute. Ondoren, 21:30etik 22:30era entsegua egingo dute.

Gainerakoan, astebururo izango dira saioak: ostiraletan 21:30etik 22:30era eta larunbatetan 15:00etatik 16:00etara.

Jakintza Berri kultur elkarteak antolatzen duen haurren danborradako entseguak, berriz, otsailaren 24an, larunbatez hasiko dira. 16:00etatik 17:30era bitartean egingo da lehen egun honetan. Bestelakoan, entseguak larunbatez egingo dira, 16:00etatik 17:00etara bitartean.

Danborrada honetan jotzen arituko diren haur txikienak 2017an jaiotakoak izango direla ere adierazi dute antolatzaileek. Oinez arraunarekin edo salabardoarekin joango direnak, berriz, 2017 eta 2018. urteetan jaiotakoak izango dira. Azken hauek entseguren batetik pasa beharko dute izenak ematera.