Magiaz, ilusioz eta opariz gainezka etorri dira Errege Magoak Aizarnazabalera

Intza Trula 2024ko urt. 5a, 19:57

Eguraldi txarrari ezikusi eginaz, 18:30 aldera iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Aizarnazabalera. Herria zeharkatu ostean pilotalekuan banatu dizkiete opariak etxeko txikienei.

Eguraldia kaskarra bazen ere, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek ez dute hutsik egin urteko egunik magikoenean. 18:30 aldera iritsi dira Errege Magoak herrira, eta lagun mordoaren begiradapean zeharkatu dute herria. Eguraldi goibelak behartuta, ordea, ohikoa baino ibilbide laburragoa egin dute. Jarraian, Atari Soro pilotalekuan elkartu dira guztiak, opariak jasotzeko.

Gehiengoak frontoiko babesean itxaroteko erabakia hartu badu ere, kalean zain zeuden beste hainbat; 18:30ean entzun dute lehenbizikoz karrozaren soinua: "Badatoz ama, badatoz!", egin du oihu ume batek eskuak altxatzen zituen bitartean. Minutu batzuk beranduago, Baltasar Etxabe kaletik behera jaitsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, jantzi deigarriak soinean zituztela. Ohi baino azkarrago zeharkatu dute herria, baina haurrek denbora soberan izan dute oparien zerrenda luzeak oihukatzeko. Gozokiak ere erruz bota dituzte frontoirako bidean, eta poltsikoak itxi ezinda ibili da makina bat aizarnazabaldar.

Behin kabalkada igarota, korrika batean joan dira guztiak pilotalekura, hiru Erregeen esperoan egotera. Hain zuzen, 18:45ean heldu da karroza bertara. Segidan, banan banan 9 urtera bitarteko haurren izenak esan dituzte Erregeek, eta bakoitzak bere gustukoenaren eskutik oparia jasotzeko aukera izan du.