23. Korrika

Korrika Txikiekin gauerako giroa berotzen hasi da eskualdeko hainbat herritan

Aitziber Arzallus 2024ko mar. 19a, 17:44

Aizarnazabalen gaur arratsaldean egin duten Korrika Txikia. (Intza Trula)

Goizean Zumaian, eta arratsaldean Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zestoan. Umeak izan dira Korrikaren lekukoa hartzen aurrenak, eta bihar goizera arte luzatuko den festari hasiera eman diotenak.

Korrikaren atariko, Korrika Txikiak egin dituzte gaur eskualdeko zenbait herritan. Zumaiako haurrak izan dira aurrenak, goizean; eta arratsalde partean, Aizarnazabalgo, Azkoitiko, Azpeitiko, Orioko eta Zestoako umeek hartu dute lekukoa. Eskolan eginiko peto eta apaingarriak soinean eta irribarrea aurpegian atera dira kalera, eta "Ika, ika, ika, Korrika!" edo "Hemen gaude euskararen alde!" gisako oihuekin girotu dituzte martxak, haiek ere harro sentitzeko motiboak badituztelako. Hona hemen eskualdean egin dituzten Korrika txikietako argazki bildumak eta bideoak herriz herri.

Zarautzen, berriz, joan den ostiralean egin zuten Korrika Txikia.