Zestoan barrena, hitzen arrastoan

Nerea Uranga 2024ko api. 23a, 09:48
Zestoako Udal Liburutegia.

Zestoako Udaleko Liburutegia, Euskara, Gazteria eta Kultura arloek Liburuaren Egunari lotutako egitarau oparoa osatu dute. Iganderako (10:30) Zestoa zestoarren hitzetan literatur ibilbidea antolatu dute. Herriz herri ere literaturari lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Zestoako Udalak Liburuaren Nazioarteko Egunari lotuta antolatutako egitarau oparoa apirilaren 12an hasi zuten, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak eskaini zuen saioarekin. Zestoako Udaleko lau sailek elkarrekin prestatu dute egitaraua: Kulturak, Udal Liburutegiak, Euskarak eta Gazteriak.

Gaur, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Egunean, haurrei zuzendutako Kontaidazu ipuin bat ipuin kontaketa saioa izango dute Zestoako liburutegian, 17:30ean hasita.

Iganderako, apirilaren 28rako, berriz, ibilaldi berezia prestatu dute Zestoan; hain zuzen ere, Zestoa zestoarren hitzetan literatur ibilbidea. Hainbat zestoarrek herriko txokoez eta kontuez idatzi dituztenak jaso eta ibilbide batean bildu dituzte, eta helduen irakurle taldeko kideen ahotsetan jarri. "Lehendik buruan generabilkien halako ibilalditxo bat egitearen ideia, eta Liburuaren Egunari lotutako egitaraua osatzeko aukera aprobetxatu genuen antolatzeko", azaldu du Itsaso Zubiria Zestoako Udal Liburutegiko liburuzainak.

Liburuaren Egunaren bueltako egitaraua osatzeko antolatutako taldean eman diote forma Zestoa zestoarren hitzetan literatur ibilbideari. "Hasieran ez genekien oso ondo nola egin, Zestoari lotuta zegoen gai bat hartu, eta, ondoren, gai horri lotuta zeuden idatziak bilatuta... Azkenean, zestoarrek edota Zestoan bizi izan direnek herriaz idatzi dituzten testuak hartzea erabaki genuen. Gero, testuak bildu genituen, eta ikusi genuen ibilaldi bat egiteko adina bagenuela", kontatu du Zubiriak. 

Herriko hainbat tokitara joango dira, eta bakoitzean testu bana irakurriko dute. "Testu batzuetan joango garen leku horiek aipatzen dira. Beste batzuetan, berriz, pertsona bati lotutako testua irakurriko da. Adibidez, Uztapidek ez du Uztapide plazaz hitz egiten, baina Uztapide plazara joango gara, haren oroitarria bertan dagoelako", aurreratu du liburuzainak.

Zestoako helduen irakurle taldekoek izango dute ibilaldiko toki bakoitzean testu bana irakurtzeko ardura. Hori horrela izatea Liburuaren Eguna antolatzen jardun duen taldeak erabaki du; hala adierazi du liburuzainak: "Testuak irakurtzeko herritarren bila jardun beharrean edota guri burura zein etorriko ibili beharrean, helduen irakurle taldekoei proposatzea erabaki genuen, eta haiek baiezkoa eman ziguten".
Zestoa zestoarren hitzetan literatur ibilbidea egiteko hitzordua datorren igandean (apirilak 28) jarri dute, 10:30ean, Zestoako liburutegiaren atean. Denak elkartzen direnean, ibilbidean zehar irakurriko dituzten testuak jasota dauden liburuak hartuko dituzte liburutegitik, eta bideari ekingo diote. Saioan parte hartzeko ez dago izena eman beharrik; "hitzordua jarrita dago, eta nahikoa izango da hara azalduta", esan du Zubiriak. Ordu eta erdi edota bi ordu inguruko txangoa izango dela aurreikusi dute antolatzaileek: "Herrian bertan izango da ibilaldia, edozeinek egiteko modukoa".

Liburuaren Eguna

Gaur da Liburuaren Nazioarteko Eguna. Horri edota literaturari lotutako hainbat jarduera izango dira egunotan:

  • AIA
    Gaur, asteartea. Inoiz ez desagertzeko ipuina ipuinaren kontakizuna, 18:30ean, Kultur Etxean. Mirari Alkorta, Maitane Unanue eta Xabier Etxaniz izango dira kontaketaren arduradunak. 
  • AZPEITIA
    - Gaur, asteartea.Kontu Konta Kantaldia, Itziar Saenz de Ojeren eskutik, 17:30ean, Udal Liburutegian.
    - Bihar, asteazkena.Apoa. Oihane Zuberoa poetaren lana aztertuko dute, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean.
    - Etzi, osteguna. 
    *11:00etan, irakurketa errazeko festa, Goienetxe Fundazioko eta Biharko eguneko zentroko taldeekin, liburutegian.
    *18:00etan, Vuelta al país de Elkano liburuaren inguruan Ander Izagirreren hitzaldia, Azpeitiko Udal Liburutegian.
    - Apirilak 26, ostirala. Liburu abenturak eskulan tailerra, ludoteketakoekin elkarlanean, 17:30ean, Azpeitiko plazan. Aurrez izena eman behar da.
  • GETARIA
    - Gaur, asteartea. Haurren irakurketa taldea. Uxue Alberdik gidatutako saioa izango da, eta Iñigo Astizen Joemak eta polasak liburua aztertuko dute. 17:00etan, liburutegian.
    - Bihar, asteazkena. Getariako 23. Literatur Lehiaketaren sari banaketa, 18:30ean, udaletxeko bilkura aretoan.
  • ZARAUTZ
    - Gaur, asteartea. Hitzak Loratuz: emakume idazleen irakurketa bateratua saioa, 18:00etan, Emakumeen Etxean.
  • ZESTOA
    - Gaur, asteartea. Kontaidazu ipuin bat saioa, 17:30ean, liburutegian. 
    - Apirilak 28, igandea. Zestoa zestoarren hitzetan literatur ibilbidea. Hainbat zestoarrek herriko txokoez eta kontuez idatzi dituztenak jaso eta ibilbide batean bildu dituzte, eta helduen irakurle taldeko kideen ahotsetan jarri. 10:30ean, liburutegitik abiatuta.
  • ZUMAIA
    - Gaur, asteartea. Berdin eta desberdin mila ipuin kontaketa saioa 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat, Badut taldearekin. 17:30ean hasita, haur liburutegian.
    - Apirilak 30, asteartea. Hamarreko bitxia liburua aurkeztuko dute Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek. Liburutegiko ganbaran, 19:00etan.