Zestoako amabirjinak 2023

Amabirjinetako jai egitarau osoa, prest

Mailo Oiarzabal 2023ko abu. 29a, 11:06

Kuadrillen bazkaria plazan iazko amabirjinetan. (Anartz Izagirre)

Asteburu honetan larunbatean Gazte Eguna eta igandean herriko zaharrenen inguruan giroa berotu ondoren, irailaren 7tik 10era jarraituko du festak, Naroa Agirre pilotariak botako duen txupinazoarekin hasita.

Zestoako Udalak gaur zabaldu du aurtengo Ama Birjina jaien behin betiko egitaraua. Asteburu honetan hasiko da festa giroa barreiatzen Zestoan, dagoeneko iragarritako Gazte Egunarekin larunbatean, eta urtero legez herriko zaharrenei omen eginez hasiko den festaurreko iganderako prestatu dituzten ekintzekin. Esperanza Benítez Doblado eta Pedro Igarataundi Unanue izango dira aurtengo omenduak, baina horiekin batera, herrian bizi diren 85 urteko guztiak ere oroigarri banarekin omenduko dituzte Laranjadi plazako ekitaldian

Irailaren 7an, osteguna eta Ama Birjinaren bezpera, hasiko dira jaiak ofizialki. 19:00etan, Naroa Agirre pilotariak botako du aurtengo txupinazoa, Pilotako Euskal Selekzioko kideen izenean.

Lau egunez, Umeen Eguna ere izango den irailaren 10eko iluntzea bitartean, askotariko ekintza ugariz gozatzeko aukera izango da Zestoan. Larunbatean izango da aurten ere Kuadrillen Eguna, paella lehiaketarekin eta bazkariarekin. Irailaren 8an eta 10ean egingo dituzte aurtengo bi zekorketak, eta bi egun horietan Gurea Kultura ekimenak musikaz jantziko du Estazio ingurua: Inoiz Ez, Rodeo eta Ezpalak ariko dira han lehen egunean, eta Arima, Sofa eta Lukiek bigarrenean. Jaietako gauetan Laranjadin ere ez dira faltako kontzertuak, DJak eta dantzaldiak: Istilu, Mehatxuka, Lizartxo, Willis Drumond, Mice, eta Olber, Oliba & Antxoa, Albabarruna eta HGS DJak igaroko dira oholtzatik.

Umeentzako izen emateak

Irailaren 7an, txupinazoaren aurretik,12 eta 13 urteko neska-mutilen bizikleta kronoigoera egingo dute Lauiturrietatik Portalera, eta parte hartu nahi dutenek kiroldegian eman beharko dute izena irailaren 4an, 5ean eta 6an, arratsaldez.

Era berean, irailaren 10eko Umeen Eguneko haurren eta gurasoen bazkarian parte hartu nahi dutenek ere aurrez erosi beharko dituzte txartelak. Asteburu honetan jarriko ditu salgai horiek guraso elkarteak: ostiralean, irailak 1, 19:00etatik 21:00etara; larunbatean, irailak 2, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara; eta igandean, irailak 3, 12:00etatik 14:00etara. 12 urte arteko umeentzako txartelak 6 eurotan salduko dituzte, eta 14 eurotan erosi ahalko dituzte gainerakoek.

Egitaraua

Hau da, egunez egun, Zestoako jaietako egitarau osoa:

Irailaren 2a, larunbata. Gazte Eguna

  • 11:30. XXXVI. Ondarbasora Igoera. Erdikaletik Ondarbasoraino erlojupeko txirrindulari lasterketa, 16 urtetik gorakoentzat.
  • Eguerdi partean, Zestoako Batukada.
  • 13:00. Ondarbasoko igoeraren sari banaketa, Laranjadin.
  • 14:15. Herri bazkaria, plazan, Antton ao pobo - Etxera herri ekimenak antolaturik. Bazkari kafearekin bertso saioari hasiera.
  • 17:00. Bertso saioa, frontoian. Bertsolariak: Jon Maia, Miren Artetxe eta Unai Iturriaga. Gai-jartzailea: Imanol Artola.
  • Ondoren, Getariako Elektrotxorongo.
  • 22:30. EH Sukarra + Lin Ton Taun. Foru plazan.

Irailaren 3a, igandea

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 12:30. Meza.
  • 13:15. Herriko zaharrenei oroigarriak eskainiko zaizkie Foru plazan. Aurtengo omenduak Esperanza Benítez Doblado eta Pedro Igarataundi Unanue izango dira. Horiekin batera, herrian bizi diren 85 urteko guztiei omenaldia egingo zaie eta oroigarriak eskainiko zaizkie. Ekitaldia Idiakaitz Txistulari Taldeak eta Itxaropena dantza taldeak alaituko dute.
  • Ondoren, harri-jasotzaileak plazan: Lur Errekondo, Lierni Osa, Maddi Gesalaga eta Naroa Arruti.
  • 14:30. Bazkaria Bainuetxean.
  • 18:00. Zestoako Trikitilari Gazteen XI. Txapelketa, plazan. Antolatzailea: Zestuko Trikitixa kultur elkartea.

Irailaren 7a, osteguna

  • 17:30. Lauiturrietatik Portalera, 12 eta 13 urteko neska-mutilen kronoigoera bizikletaz. Izen-ematea kiroldegian datorren irailaren 4, 5 eta 6an arratsaldez.
  • 17:30. Ama Birjina bezperako meza.
  • 19:00. Naroa Agirrek botako du txupinazoa, Pilotako Euskal Selekzioko kideen izenean. Eletrokela elektrotxaranga.
  • 22:00. Istilu, Mehatxuka eta Lizartxo erromeria.

Irailaren 8a, ostirala. Ama Birjina eguna

  • 09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira, Goizeko izarra martxaren doinuekin.
  • 11:00-14:00. Hondarrezko eskulturen tailerra, Andoni Bastarrikarekin, frontoi zaharrean.
  • 12:30. Meza.
  • Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
  • 13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
  • 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
  • 18.00. Zirkokoloretsu ikuskizuna umeentzat, kultur etxe atarian.
  • 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Inoiz Ez, Rodeo, Ezpalak.
  • 18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Pedro Luis. Ordezkoa: Sergio García. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
  • Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
  • 19:30. Pilota partidak frontoi zaharrean: Goiuri Zabaleta-Naroa Agirre vs Iera Iturriaga-Maite Mujika, Sasiai-Olaiz vs Odriozola-Alonso.
  • 22:00. Willis Drumond, Mice eta Olber DJa, Laranjadin.

Irailaren 9a, larunbata

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 12:00. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan, 14:00ak arte.
  • 12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Ustekabe txaranga egunean zehar.
  • 14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasatuko da.
  • Ondoren, herri bazkaria plazan.
  • 16:30. Jolas parkea umeentzat, 19:30ak arte.
  • 17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
  • 19:00. Ustekabe txartanga.
  • 23:00. DJ Festa: Oliba & Antxoa, Albabarruna eta HGS.

Irailaren 10a, igandea. Umeen Eguna

  • 09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita. (Ume bakoitzak ekarri dezala zarata ateratzeko zerbait: kazuela, danbor, turuta, txistu...).
  • 12.00. Umeen txupinazoa. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea, zahagi-dantza eta buruhandiak, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Ustekabe txaranga goizean zehar.
  • 12:45. Zezen bolaztatuak 16 urtetik gorakoentzat. Poniak umeentzat.
  • 14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
  • 16:00. Haurrentzat tailerrak.
  • 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
  • 17:30. XXIV. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa, Zubiaurreko zelaian. Antolatzailea: Artxate elkartea.
  • 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Arima, Sofa, Lukiek.
  • 18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Ruiz de Velasco. Ordezkoa: Guillermo Alonso. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
  • Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
  • 19:00. Apar-festa, frontoi zaharrean.
  • Ondoren, eta festei amaiera emateko, zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.