Zestoako amabirjinak 2023

Aldarria eta festa uztartuko dituzte larunbatean Zestoako Gazte Egunean

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 28a, 12:23

Iazko Gazte Eguneko irudia. (Nerea Uranga)

Txupinazoa, Antton Olaizola deportatu zestoarraren aldeko argazkia, gaztetxearen aldeko manifestazioa, bazkaria eta DJ emanaldiak izango dira larunbatean Zestoan.

Zestoako Gazte Asanbladako kideek prest dute larunbatean ospatuko duten Gazte Eguneko egitaraua. Gaur jakinarazi dituzte zapaturako antolatu dituzten ekintzen inguruko xehetasunak, eta aldarria eta festa izango dira protagonistak. 

Eguerdian ekingo diote antolatutako ekintzei. 12:00etan txupinazoa botako dute Gaztetxe berriaren atarian, eta ondoren luntxa izango da bertaratzen diren guztientzat. Jarraian, Antton Olaizola deportatu zestoarraren aldeko argazkia aterako dute, Antton etxera! lelopean. Poteoan hasi ostean, 13:30ean etena egingo dute gaztetxe berriaren aldeko manifestazioa egiteko. Hain zuzen, 13:30ean Laranjadi plazatik hasita, mobilizazioa deitu dute Gaztetxea defendatu, desalojoa gelditu! lelopean. 14:30ean bazkaria egingo dute herriko plazan Antton Ao Povo taldeak antolatuta, eta arratsaldea musikarekin girotuko dute. 18:00etan hasita, 3re eta Costmix DJek jarriko dute musika gaztetxean, eta DJ Murxik borobilduko du eguna, gauerditik aurrera. Herri bazkarirako sarrerak eskuragarri daude Portalean. 

Beste urteetan, Gazte Egunarekin batera egin izan dute Ondarbasora igoera, Gazte Eguneko arratsaldea aprobetxatuta. Aurten, baina, goizez egingo dute Ondarbasora igoera, 11:30ean hasita. 

Gazte Eguna iragartzeko spota ere kaleratu dute asanbladako kideek. 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de ZGA (@zestukogaztetxia)

Hona hemen Gazte Eguneko egitaraua, osorik: 

  • 11:30ean: Ondarbasora igoera. 
  • 12:00etan: Txupinazoa eta luntxa. Ondoren, Antton etxera! elkartasun argazkia. 
  • 13:30ean: Manifestazioa, Gaztetxea defendatu, desalojoa gelditu! lelopean.
  • 14:30ean: Herri Bazkaria, plazan.
  • 18:00etan: 3re eta Costmix DJak, Gaztetxe berrian. 
  • 00:30tik aurrera, DJ Murxi Gaztetxe berrian.