Giro ikaragarria izan da Urdanetako samartinetako lehen asteburuan

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 6a, 16:56

Eguraldi ona lagun, jende ugari elkartu da gaur eguerdian Urdanetan San Martin jaiez gozatzeko. Mezaren ondoren, auzoko frontoian izan diren kirol jarduerek ikusmin handia sortu dute.

Bi asteburutan ospatuko dituzte San Martin jaian Urdaneta auzoan, eta lehenengoarekin bete-betean murgilduta dabiltza bizilagunak. Ostiralean ekin zioten ospakizunei bertso-afariarekin, eta atzo arratsaldean, haurrek hartu zuten protagonismoa. Auzoko frontoia jolas parke bihurtuta, gozatu ederra hartu zuten, eta amaieran, txokolate janarekin biribildu zuten saioa.

Gaur, lehen asteburuari jarraipena eta itxiera emateko, egitarau betea osatu dute antolatzaileek: auzotarren pala txapelketa, herri kirolak, auzoko nagusien bazkaria... Urtero bezala, jendetza gerturatu da eta giro sanoa nagusitu da ezbairik gabe.

Lehenik eta behin, auzotarren arteko pala txapelketako finala jokatu dute: Gotzon Iruretagoienak eta Ekaitz Lizasok osatutako bikoa izan da garaile 22-16ko emaitzarekin, Jon Aranbarri eta Roman Berlosoren aurka. Joko polita erakutsi dute, batik bat Iruretagoienak eta Aranbarrik atzeko koadroetan.

Ondoren, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.aren eskolako harri-jasotzaileen txanda izan da, eta hauek ere erakustaldi ederra eman dute harri ezberdinekin; besteak beste, Lierni Osak eta Xabat Olaizolak. Bertaratu direnek gozatu ederra hartu dute, eta gogotik txalotu dituzte kirolarien jasoaldiak.