Euskara ikasten hasi diren gurasoak omendu ditu Aiako Lardizabal Eskolak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abe. 5a, 10:41
Euskara ikasten ari diren gurasoak eta beren irakaslea omenaldian. (Urola Kostako AEK)

Aiako eskolako guraso talde bat euskara ikasten hasi da ikasturte honetan, eta egiten ari diren ahalegina aitortu diete. Ostegunean egin zuten ekitalditxoa eskolan bertan.

Aurten, Aiako Lardizabal Eskolako guraso talde bat euskara ikasten hasi da AEKn, Aisa programaren bitartez, eta omenaldi txiki bat egin zieten pasa den ostegunean, Euskaraldiaren barruan. "Euskara ikasten ari diren gehienak atzerritarrak dira, eta ahalegina egiten ari dira gure hizkuntza ikasteko. Horregatik, aitortza txiki bat egin nahi izan diegu", azaldu du Jexux Goikoetxea eskolako zuzendariak. Gurasoek ezer ez zekitela, eskola ordutan, euskara irakasleak Lardizabal Eskolara eraman zituen gurasoak eta han zain zituzten ikasle guztiak, bilduta. Iñaki Gurrutxagak egindako bertso bat kantatu, loretxo bana eman eta euskara ikasten ari direlako oso pozik daudela adierazi zieten Lardizabal Eskolako kideek. "Gurrutxagaren bertsoak gaztelaniaz eta urduz itzuli genituen, gurasoek zer esaten duten jakin zezaten. Berezia izan zen ekitaldia".