Janus Lester: "Osabari idatzitako abestia da gehien hunkitu nauena"

Andrea Zipitria 2023ko ots. 8a, 09:28
Janus Lester taldeko abeslaria. (Mikel Castellano)

Musika kultura handia duela aitortu du Pinatxok (Bera, Nafarroa, 1996). Txarangan eta beste hainbat musika taldetan ibilia da, eta orain atera du bakarkako lehen diskoa. Aian kontzertua eskainiko du larunbatean.

Pasa den urtearen bukaeran aurkeztu zenuen zure lehen diskoa, Janus Lester izenarekin. Zer moduz doa bira?

Oso ondo. Aurkezpena joan den azaroaren 30ean egin genuen Donostiako Dabadaba aretoan, eta horren harira, Durangoko Azokan ere izan ginen. Abenduaren 22an, berriz eman genuen kontzertua Dabadaban. Gero, Azpeitian izan ginen, eta berriki, Ondarroan [Bizkaia]. Aiako kontzertua, beraz, birako bosgarren kontzertua izango da. Gogotsu nago. Aiako probalekua ez nuen ezagutu ere egiten, eta aurreko batean izan nintzen bertan. Leku ederra iruditu zitzaidan. Eguna iritsi zain nago.

Ez gaitzala loak hartu izenburua jarri diozu diskoari. Nondik sortu da?

Lana duela ia hiru urte sortu zen berez, itxialdia baino lehen. Nik banuen beste talde bat, baina utzi egin behar izan nuen, ikasketak medio. Kontua da proiektu berri batekin hasteko nahia sentitu nuela, baita ordura arte egiten nuen musikatik pixka bat aldentzekoa ere. Zerbait pertsonalagoa egin nahi nuen. Hala, duela hiru urte hasi nintzen nire lehen abestiak idazten, eta gaur arte.

Eta trantsizio horretan, aldatu al da zure musika estiloa?

Aldatu da, bai, bai musika, baita musika konposatzeko modua ere. Lehen, eroso sentitzen nintzen doinu eta melodietara jotzeko joera nuen. Janus Lesterri esker bide berriak deskubritu ditut, eta ahotsarekin jolasteko modu batzuk ere bai; lehen ez nintzen ausartzen probatzera.

Orduan, nola deskribatuko zenuke zure oraingo musika?

Musikarekin egunerokotasuneko alde positiboak transmititzen saiatzen naiz, eta alde pixka bat ilunagoak ere bai. Hori horrela, diskoan nahiz kontzertuetan badaude zati batzuk dantzagarriak direnak, eta beste batzuk geldoagoagoak eta ilunagoak direnak.

Aiako probalekuan emango duzu kontzertua. Inoiz jo al duzu horrelako agertoki berezi batean? 

Berezia da, bai. Ikusten da lekuak eboluzio bat izan duela. Lehen funtzio bat zuen, eta orain erabiltzen jarraitzen da, baina beste ikuspuntu batetik. Han izan nintzenean, dezente harritu ninduen lekuak. Eragileen partetik horrelako gogoa eta indarra ikusteak pila bat animatzen gaitu sortzaileok.

Momentuz, zapaldu dituzun guneak kontuan hartuta, zein da zure eszenatokirik kutunena?

Normalean estreinaldiak izaten dira berezienak, musikari guztiontzat. Hala ere, diskoa aurkeztu aurretik, eman genuen kontzertu bat nire herrian, Beran. Jaietako lehenengo egunean jo genuen, itxialditik atera berri, eta egia esan, oso berezia izan zen. Horrelako egunak bizitza guztian oroitzeko horietakoak izaten dira, eta espero dugu, noski, Aiakoa ere hala izatea.

Eszenatokiaz aparte, abesti kutunik ba al duzu?

Egia esan, ikuspuntu horretatik kontent geratu naiz. Normalki, disko bat egiterakoan, nahiko garbi edukitzen dut zein abesti izaten diren gehien gustatzen zaizkidanak, baina oraingo honetan, ez dut oso garbi. Dena den, osabari idatzi diodan Udazken negu hura abestia asko gustatzen zait, gehien hunkitzen nauena da.

Eta entzuleek zer diote?

Dap Dap abestia asko gustatu zaie orokorrean, nahiko jostagarria delako. Maitasuna Tabu kantua ere oihartzuna izaten ari da, eta egia esan, poza ematen dit horrek. 

Taldeari Janus Lester izena jarri diozu, eta ez zeure berezko izena. Zergatik egin duzu hori? Nondik dator izena?

Asko pentsatu nuen gaiaz; ez nekien taldeari nire izena jarri edo beste izenen bat proposatu. Azkenean, egokiagoa iruditu zitzaidan beste izen bat jartzea. Nahiz eta proiektuaren zama guztia nik eraman, talde bat gara, eta funtsean, arrazoi horregatik jarri diot fikziozko izena taldeari. 
Halaber, pertsonaia kutun bat hartu nahi nuen erreferentetzat. Hala, bi izen elkartzea erabaki nuen. Lester saxofoi jotzaile baten izena da. Janus, berriz, jainko erromatar bat da; bi aurpegi ditu, eta esan ohi dute hasi berrien jainkoa dela. Hortik sortu zen taldearen izena: Janus Lester.