Motor hotsak nagusituko dira bihar, Aiako Igoerako 37 autoen burrunbarekin

Andrea Zipitria 2023ko mar. 24a, 12:30
Aiako Igoeraren aurkezpena egin zuten asteartean, Andatzako auzo elkartean. (Andrea Zipitria)

Andatzatik Aiarako XVI. Igoerako autoak 09:30etik aurrera Gozategi plazan ikusgai egongo dira; proba 14:30ean hasiko da, eta errepidea itxita egongo da 13:30etik lasterketa amaitu arte

Motor hotsa nagusi izango da  bihar Aian, Andatzatik Aiarako XVI. Igoera jokatuko baita. Aurten, 37 autok eman dute izena. Nahiz eta parte hartzea beste urteetan baino baxuagoa izan, antolatzaileek pasa den asteartean egin zen aurkezpenean azaldu zutenez, «maila altuko pilotuek» parte hartuko dute aurtengo edizioan. Gainera, proba puntuagarria izango da Mendiko Euskal Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako. Lehiaketako xehetasun guztiak Iñigo Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko lehendakariak, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko lehendakariak, Jorge Del Cid Lagun Artea eskuderiako kideak eta Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak eman zituzten.

Ohi bezala, goizean ibilgailu guztiak ikusteko aukera egongo da –09:30etik aurrera– Gozategi plazan. Hain zuzen, bertan ikuskapen teknikoak egingo dituzte, 09:00etatik 12:30era. Komisarioak ibilgailu guztiek segurtasun arauak betetzen dituztela egiaztatu ondoren hasiko da igoera.

Errepidea 13:30ean itxiko dute, eta 14:30ean hasiko da lehen entrenamendu txanda. Erlojuaren aurka, lau kilometro inguruko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Lehen bi txandek entrenamendu gisa balioko dute; kontuan hartuko dituztenak, ordea, azken biak izango dira. "Arrakasta handia" lortu du Aiako Igoerak Del Ciden hitzetan, Euskadiko eta Gipuzkoako mendi txapelketetako lehen proba bilakatu baita. Horregatik, "urteko lehen sentsazioak" izateko baliatzen dute askok Aiako Igoera.

Joseba Iraola faborito

Lehen dortsalarekin Aitor Manso lehiatuko da, egungo mendi txapelketako irabazlea. Hala ere, aurtengo faborito nagusia Joseba Iraola bizkaitarra izango da. Iaz, Europa erdia zeharkatu zuen lehiaketa kontinentaleko probetan parte hartu zuen hark. Aurten, Europako txapelketa errepikatuko du eta Aiara etorriko da denboraldi hasierari begira. Hark du orain arteko Andatzatik Aiara Igoeran lortutako markarik onena: pasa den urtean lortu zuen, 01:42.511 denborarekin. Halaber, azken hiru urteetan jarraian irabazi du proba Iraolak.
Aurkezpenean presente izan zen pilotu bizkaitarra, eta bertan azaldu zuenez, "Andatzatik Aiara Igoera, izatez, proba laburra da, eta horrekin asko fidatu egiten dira, baina ez luke hala izan behar, ibilbideko lehen zatia bihurria baita; istripu dezente egon dira urte hauetan guztietan". Kontuak kontu, "xarma" handiko igoera da Aiakoa.

Euskal Herriko automobilismoa "oso garrantzitsua" izan da urte askoan, Gurrutxagak azaldu zuenez. Orain, ordea, "nahiko urte zailak" ari da bizitzen motorraren mundua, eta "orain gutxi" hasi da egoera hobetzen.

Ondorengotza, ordea, ez da faltako automobilgintzan, "gazteak onak eta azkarrak" baitatoz, antolatzaileen esanetan.