Aiako XX. Txakolin eguna ospatuko dute igandean

Intza Trula 2024ko api. 3a, 09:34
Aiako Txakolin eguna. (Aitziber Arzallus)

Goizean zehar Getariako txakolina eta txekor haragi pintxoak dastatzeko aukera izango da plazan; eguerdian, Gazte Asanbladaren txosna zabalduko dute, eta arratsaldean, Gizonezkoen Harri Txiki Txapelketa eta  erromeria izango dira.

Txakolina izango da protagonista igandean Aian, Aiako XX. Txakolin egunaren aitzakian. Hori horrela, 11:30etik hasita, Getariako txakolina dastatzeko aukera izango dute Aiako plazara gerturatzen diren guztiek, baita txekor haragi pintxoak jateko ere. Horrez aparte, 14:00etan Gazte Asanbladak txosna zabalduko du, eta 17:00etan Gizonezkoen Harri Txiki Txapelketa jokatuko dute. Eguna ez da hor amaituko, ordea; herri kirolak amaitzean Lajak eta Lutxurdik izango dute guztiak dantzan jartzeko ardura, erromerian.

Hala, guztira hamaika upategik hartuko dute parte igandeko ospakizunean. Txakolina dastatu nahi dutenek kopa erosi beharko dute aurretik, bost euroan. Pintxoak, berriz, bi euroan salduko dira. 

Gizonezkoen Harri Txiki Txapelketari dagokionez, honako kirolariak izango dira aurrez aurre: Xabat Olaizola, Imanol Royo, Beñat Telleria, Hodei Iruretagoiena, Mikel Lopetegi eta Iraitz Arruti.