Gorka Etxabe: "Umetatik ikusi izan dut proba Aizarnazabalen, eta gauza handia da orain neuk irabazi izana"

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko eka. 16a, 10:12

Gorka Etxabek etxean irabazi du 23 urtez azpiko erlojupeko txapelketa. Minutu bat eta segundo bateko aldea atera dio txirrindulariak Gipuzkoako lehiako bigarren sailkatuari.

(Parking Geltokia) Gorka Etxabe txirrindulari aizarnazabaldarrak 23 urtez azpiko Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa irabazi du. Asteartean jokatu zuten Joxe Larrarte alkate ohiaren omenezko proba Aizarnazabalen. Bigarren sailkatuari, Jon Irisarriri, minutu bat eta segundo bateko aldea atera zion Etxabek. 21 kilometroko ibilbidea zuten txirrindulariek, eta 27 minutu eta 45 segundo behar izan zituen Parking Geltokia taldeko ziklistak. Aitor Olaziregi zumaiarra bosgarrena izan zen, eta Oier Ibarguren azpeitiarra zazpigarrena. Etxaberentzat "berezia" izan zen atzoko garaipena, etxean ukitu baitzuen zerua. "Umetatik ikusi izan dut Gervais memoriala Aizarnazabalen, eta gauza handia da orain neuk irabazi izana", azaldu du. Familia eta lagunak ondoan zituen, animatzen, eta "asko lagundu" zion horrek. Etxabek bazekien ondo ibiliko zela erlojupekoan, baina aurkari gogorrak ere bazituen; esate baterako, Irisarri, Alonso edo Olaziregi. "Azken hilean inoiz baino hobeto sentitu naiz, eta aurrean ibiliko nintzela uste nuen. Halere, ez nuen espero irabazi, eta, gainera, halako tartea ateratzea", esan du. Ondo hasi zuen proba, eta ibilbidean aurrera egin ahala "gero eta erreferentzia hobeak" ematen zizkiotela ikusita, "motibatu" egin zen.

Uztailean Europako lehia

Pistako Europako txapelketako jokatuko du Etxabek uztailaren 13an eta 14an. Italian jokatuko den lehiaketan "ahalik eta lan txukunena" egitea du xede. Horrez gain, urtea bukatzerako errepideko lasterketaren bat irabaztea gustatuko litzaioke. Bestalde, kadeteen Uztarri sari nagusia jokatuko dute larunbatean Aizarnazabalen, 10:30etik aurrera.

Sailkapenak

23 urtez azpiko gizonak 1. Gorka Etxabe (Parking Geltokia). 27 minutu eta 45 segundo. 2. Jon Irisarri (Caja Rural-Seguros RGA). 28 minutu eta 46 segundo. 3. Eriko Mujika (Ampo). 28 minutu eta 48 segundo. Elite emakumeak 1. Irene Usabiaga (Eustrak-Euskadi). 32 minutu eta 39 segundo. 2. Ane Iriarte (Reyno de Navarra). 33 minutu eta 05 segundo. 3. Ana Usabiaga (Eustrak-Euskadi). 33 minutu eta 21 segundo. Junior gizonak 1. Xabier Murgiondo (Ulma). 19 minutu eta 55 segundo. 2. Xabier Mikel Azparren (Victor Alvaro Const. Sila). 19 minutu eta 56 segundo. 3. Mikel Arregi (Ulma). 20 minutu eta 57 segundo. Junior emakumeak 1. Maddi Amondarain (Oriako txirrindulari eskola). 24 minutu eta 22 segundo.
[flickr_set id="72157669694787976"]