Mari Karmen Arregi izango da Aizarnazabalgo EH Bilduren alkategaia, datozen udal bozetan

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 31a, 17:00

Gaur egun Aizarnazabalgo alkatea da Arregi, eta EH Bilduk antolatutako parte-hartze prozesuan, Herriko Hauteskunde Batzordeak aho batez onartu du haren hautagaitza. Arregik "ilusioz eta indartsu" hartu du datorren bozetara alkategai aurkezteko proposamena.

 

Mari Karmen Arregi izango da Aizarnazabalgo EH Bilduren alkategaia, datozen maiatzeko udal hauteskundeetan. Gaur egun Aizarnazabalgo alkatea da Arregi, eta EH Bilduk antolatutako parte-hartze prozesuan, Herriko Hauteskunde Batzordeak aho batez onartu du haren hautagaitza. Izan ere, prozesua dagoeneko bukatu da, eta hautagai bakarra izan da Arregi.

2011-2015 agintaldian zinegotzi lanetan aritu zen, eta oraindik martxan den honetan herriko alkatea da. Arregik "ilusioz eta indartsu" hartu du datorren bozetara alkategai aurkezteko proposamena. Gainera, urteotan batutako esperientzia kontuan hartu eta erronka berriei aurre egiteko "gogoz" dagoela adierazi du: "Herri parte-hartzaileagoa eta aktiboa eraikitzen jarraitzeko ahalik eta herritar gehienengana iritsi eta haien beharrei aurre egin nahi diogu".

Azken hamabi urteetan Aizarnazabalen bizi da Arregi, eta EH Bilduk azaldu duenez, hasieratik "ondo egokitu" zen herrira. "Segituan hasi zen herriko hainbat mugimendutan parte hartzen: bertako produktuak kontsumitzeko azokak bultzatu zituen eta guraso elkartean sartu zen, besteak beste". Gaur egun, herri eskolako jangelan egiten du lan, eta koalizioak adierazi duenez, horrek ahalbidetu dio herritar gehiagorekin hartu-emana izatea eta herritarren beharrak ezagutzea.