Mari Karmen Arregi izango da Aizarnazabalgo alkatea beste lau urtez

Nerea Uranga 2019ko eka. 15a, 13:06

Udalbatza berria osatzeko kargu-hartzeko udalbatzarra egin dute gaur eguerdian, Aizarnazabalen. Kargu-hartzean ez da ezustekorik izan eta Mari Karmen Arregi (EH Bildu) aukeratu dute alkate, koalizioko sei hautetsien botoekin.

Udalbatza berria osatzeko eta alkatea aukeratzeko udalbatzarra egin dute gaur, 12:00etan, Aizarnazabalen. Kargu-hartzean ez da ezustekorik izan eta Mari Karmen Arregi (EH Bildu) aukeratu dute alkate, koalizioko sei hautetsien botoekin. Hala, datozen lau urteetan ere Arregik jarraituko du alkate karguan. Iratxe Ziarrusti Bilbao EAJren hautetsiak boto bakarra jaso du, berea. Beraz, honela osatu da gaur hasi den lau urteetako agintaldiko Aizarnazabalgo Udalbatza: EH Bildu ordezkatuz, Mari Karmen Arregi, Antton Arrieta Barrena, Ekiñe Arrizabalaga Sagarna, Ander Etxabe Oliden, Maitane Telletxea Lopez eta Maria Jose Agirregabiria Makazaga. EAJ ordezkatuz, Iratxe Ziarrusta Bilbao.

Udal ordezkari berriek karguak hartu ondoren, Mari Karmen Arregi alkateak hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie azken agintaldian ondoan izan dituen zinegotziei eta udaleko langile guztiei. Azken udal hauteskundeetan babesa adierazi zien herritarrak ere gogoan izan eta eskertu egin ditu. "Herritarrek aukeratu gaituzte, eta herriaren alde lan egiteko ilusioz eta gogoz gaude. Gure asmoa eta nahia elkarlanean jardutea izango da". Elkarrekin lanean jarduteko asmoan, udal batzordeetan parte hartzeko gonbita ere egin dio Arregik Iratxe Ziarrusta EAJko zinegotziari.

"Berehala lanean hasteko", hurrengo udalbatzarrerako hitzordua jarri du alkateak. "Udaleko batzordeak aukeratzeko hilabeteko epea daukagu, eta hori lehenbailehen egiteko, ekainaren 26rako udalbatzarra deitzea proposatzen dut; 19:00etan izango litzateke", proposatu du alkateak. Zinegotzi guztien onespenarekin hitzordua jarrita utzi dute.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan EH Bilduk erraz berretsi zuen Aizarnazabalen udalean izandako gehiengo osoa. 323 boto lortu zituen EH Bilduk, 2015ean baino gehiago –273 bozka jaso zituen orduan–. EAJk, berriz, aurreko udal hauteskundeetako emaitza bera errepikatu zuen, 71 bozekin.