Aizarnazabalgo alkatea

Mari Karmen Arregi: "Egoera honetan ikusi dugu herri txikietan bizi gaitezkeela"

Ihintza Elustondo 2020ko eka. 4a, 09:26

Duela bost urtetik da Aizarnazabalgo alkate EH Bilduko Mari Karmen Arregi (Zestoa, 1968). Ez zaio sekula aurtengoa bezalako urte berezirik egokitu. Osasun krisiak herrian nola eragin duen azaldu du.

Zer balorazio egiten duzu agintaldiko lehen urteaz?

Egoera berezia da. Poliki hasi genuen agintaldia, oso ondo hasi ginen talde lanean, eta udan ere martxa polita hartu genuen. Aurrekontuak-eta aurrera eraman genituen, eta aurten gauzatu nahi genituen zenbait proiektu genituen esku artean. Dena dela, koronabirusa etorri zaigu eta asmo denak hor gelditu dira. Bestela esango nuke ondo gindoazela; koronabirusa etorri ez balitz, uste dut balorazioa positiboa izango litzatekeela.

Aizarnazabalen, guztira hiru kutsatu zenbatu dituzte pandemia hasi zenetik. Alde horretatik ondo, ezta?

Egia esan, ez da datu txarra; gainera, ez dugu heriotzarik izan. Hala ere, herri txikia izanik, jendea pixka bat aztoratuta ibili da, positibo horiek zein ote ziren galdezka. Hemen denok ezagutzen dugu elkar, bai onerako, bai txarrerako. Guk jakin dugu zein izan diren positiboak, baina datuen babesagatik, ezin da eman inolako informaziorik. Hala eta guztiz ere, jendeak jakin egin du zein ziren; nik ez dakit nola egiten duten, baina... Jendea dezente aztoratuta ibili da. Funtsean, beldurrak eragiten du hori.

Zein da udalaren egoera?

Ez daukagu egoera txarra. Lehengo urtean superabita izan genuen, eta batzordeetan onartuta dauden proiektu batzuk aurrera eramango ditugu. Baina aurrerantzean ez dakit nola izango garen; berriro aztertu beharko ditugu aurrekontu guztiak. Izan ere, aldundiak esan digu foru funtsetik %20 gutxiago jasoko dugula, eta gurea bezalako herri txiki batentzat hori kolpe handia da. Herri txikietan laguntza horietatik egiten ditugu gauza asko, bestelako sarrera asko ez dauzkagulako. Dagoeneko esan digute laguntza batzuk ez dizkigutela emango, eta horrekin ea zer egiteko moduan garen. Momentuz, ez gaude gaizki, baina uste dut etorriko zaigula hemendik urtebetera edo gehiagora zenbait proiektu aurrera ezin eramana edo beste neurri batzuk hartu beharra.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin jarraitzea zen udalak agintaldi honetarako zuen helburu nagusietako bat.

Pixka bat kostatu zaigu, baina lortu dugu hori aurrera eramatea. Apirilean argitaratu zen plana Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta dagoeneko martxan dago. Izan ditugu zenbait arazo: besteak beste, gure herrian, ur zikinak ibaira botatzen ditugu, eta horretan lana daukagu egiteko. Konpromiso batzuk hartu ditugu: urte batzuk barru egiteko lanak zehaztu ditugu.

Etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea nahi zenuela aipatu zenuen kargua hartu aurretik. Zein da arazoa?

Aizarnazabalgo arazoa da ez dagoela alokatzeko etxebizitzarik. Libre dauden etxeak familiabakarrekoak dira edo saldu egin nahi dituzte, eta bertako gazteentzako eta jende xumearentzako ez dago etxerik. Gure nahia da etxebizitzak egitea eta bertako jendea bertan gelditzea. Pare bat proiektu badauzkagu mahai gainean, eta plan orokorra onartu denez, aurrera egiteko modua izango dugu. Plana onartzen ez bazen, ezin genuen baimenik eman etxebizitzak egiteko.

Eskualdeko herrien artean, langabezia tasa altuena duena da Aizarnazabal. %13,4ko langabezia tasa izan du apirilean, eta urtarriletik, 3,8 puntu hazi da. Datu horien zer irakurketa egiten duzu?

Ikusten dugu koronabirusak eragina izan duela langabezia tasan, baina geure artean baditugu kezkak. Izan ere, ez dugu ikusten oso garbi nondik datozen datu horiek. Jakin nahiko genuke zer profiletako jendea den langabezian dagoena; hori aztertzen ari gara. Kontua da udalak urtero hiru lanpostu —garbitzaile bat eta brigadako bi — ateratzen dituela eta jendea bilatu ezinik ibiltzen garela. Horregatik, datuek pixka bat harrituta uzten gaituzte. Baina garbi dago egin behar dugula lanketa bat, azterketa serio bat, eta ea nola ematen diogun kontu horri buelta.

Larrialdi egoeran, zer neurri ekonomiko hartu ditu udalak?

Guk ez dugu diru partida bat jarri jendeari laguntzeko, Aizarnazabalen oso familia desberdinak daudelako eta haien beharrak ere ezberdinak direlako. Horregatik, erabaki dugu gugana jo ahala laguntzea herritarrei. Eskaerak jaso ostean, familia bakoitza zer egoeratan dagoen eta zer behar dituen aztertuko dugu. Iruditzen zaigu gure herrian hobe dela horrela jokatzea dirulaguntza lerro bat sortzea baino; zuzeneko laguntzari eman diogu garrantzia. Familia bat edo beste etorri da laguntza eske.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Nahiko iluna. Laguntza gutxiago jasoko ditugunez, Aizarnazabal bezalako herri batek proiektu asko ezingo ditu egin. Orain arte, urtero egin dugu zerbait, eta hori ezingo da horrela izan aurrerantzean. Ondo aztertu beharko dugu zer egin eta zer ez, diru aldetik ez garelako oso ondo egongo. Gainera, egoera okertzen joango dela uste dut; oraindik esan daiteke aparretan gaudela. Osasun aldetik gogorra izan da krisia, baina krisi ekonomikoa oraindik ez da asko nabaritu. Antzeman da, baina iruditzen zaigu aurrerantzean gehiago nabarituko dela.

Ezohiko egoera honetan, hainbat abantaila izan duzue Aizarnazabalen. Besteak beste, gune berdez inguratuta zaudete, beste herrietan baino lehen kendu dizkizuete ordutegiak... Zer moduz joan da konfinamendua?

Uste dut herritarrek nahiko ondo bete dutela konfinamendua. Beti izaten da norbait normaletik kanpo ibiltzen dena, baina hori denean izaten da. Bi hilabete hauek gogorrak izan dira, urduritasuna eta ezohiko egoera pilatu zaizkigulako. Baina uste dut toki ederrean bizi garela: berdeguneak ditugu inguruan, eta lasaitasuna da nagusi. Uste dut ondo joan dela itxialdia, eta zoriondu egingo nituzke herritarrak. Haiei esango nieke jarritako neurriak nahiko ondo bete dituztela, eta horrela jarraitu behar dugula.

Herri txikiei balioa emateko balioko al du koronabirusak eragindako krisialdiak?

Uste dut baietz; nik behintzat, ematen diet balioa. Egoera honetan ikusi dugu herri txikietan beharrezko zerbitzuak badaudela eta bizi gaitezkeela. Denda, farmazia eta okindegia baditugu hemen. Gainera, mendiz inguratuta gaude, eta bake handia dugu. Askotan ez dugu baloratzen etxean daukaguna, eta horri garrantzia eman behar diogu. Ikasi egin behar da horretan ere.

Amaitu dira Urola Kostako alkateen elkarrizketak

Udaletako ordezkariek kargua hartu zutela urtebete bete dela eta, eskualdeko alkate guztiei egin die elkarrizketarako proposamena Urola Kostako Hitzak. Aizarnazabalgo, Azpeitiko, Errezilgo, Getariako, Orioko, Zestoako eta Zumaiako alkateen elkarrizketak argitaratu ditu hedabide honek azken asteotan; gaurkoa da horietan azkena. Bestalde, Aiako, Beizamako, Azkoitiko eta Zarauzko alkateek nahiago izan dute elkarrizketarik ez ematea. Horrenbestez, amaitu da alkateen elkarrizketekin hedabide honek osatu duen seriea.