Areto futboleko Herri Txikietako Gipuzkoako txapelaren bila lehiatuko da Aizarnazabal

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 23a, 10:31
Aizarnazabalgo areto futnoleko taldea, entrenamendu bat hasi aurretik. (Utzitakoa)

Ikaztegietarekin neurtuko dituzte indarrak aizarnazabaldarrek finalean. Larunbat honetan Ikaztegietan jokatuko dute joanekoa, eta itzulerakoa, berriz, ekainaren 16an izango dute, Aizarnazabalen.

Areto futboleko Herri Txikietako Gipuzkoako Txapelketaren lehen finala jokatuko dute Aizarnazabalek eta Ikaztegietak. Larunbat honetan, maiatzaren 27an, finalaren joaneko partida jokatuko dute Ikaztegietako pilotalekuan, 18:30ean; itzulerako partida, berriz, ekainaren 16an izango da Aizarnazabalen.

Lehen aldiz antolatu dute txapelketa hori helduen mailan, eta liga jokatzea zen sustatzaileen hasierako asmoa. Baina gizonetan bi taldek bakarrik eman dute izena, eta horrela, finala jokatuko dute zuzenean; emakumeetan, berriz, ez da talderik apuntatu. "Datozen urteetan herri txiki gehiago sartzen joatea" da antolatzaileen asmoa eta, era horretan, martxan jarri nahi duten liga hori jokatu ahal izatea.

Finalaren joanekoaren bueltan "giro bikaina" sortu da Ikaztegietan, eta festa kutsua izango du larunbat arratsaldeko hitzorduak. Hain zuzen ere, 17:30ean elkartuko dira etxeko zaletuak plazan, eta Pako Belea konpartsakoen erritmoan joango dira kalejiran handik pilotalekura. "Aizarnazabaldik ere espero da jendea, eta guztiak batuta, giro bikaina espero da harmailetan. Gainera, jatekorik eta edatekorik ere ez da faltako, etorkizunean oso txapelketa polita izan behar duenari bultzada emateko", gaineratu dute antolatzaileek.