Areto futbola, herri txikietara

Maialen Etxaniz 2023ko eka. 1a, 11:47
Ikaztegietako (arrosaz) eta Aizarnazabalgo (marroiz) taldeak, Ikaztegietan jokatutako partidan. (Utzitakoa)

Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futboleko Txapelketa antolatu dute aurrenekoz helduen mailan. Aizarnazabalen jokatuko dute azken neurketa, hilaren 16an.

Urteak dira Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Elkartea herri txikietan gaztetxoen arteko areto futbol txapelketak antolatzen hasi zenetik. Denbora luzez haurren arteko partidak antolatzen aritu ostean, etena egin zuten "arrazoi desberdinak tarteko". Aurten, txapelketa berrartzea erabaki dute antolatzaileek, eta lehen aldiz antolatu dute sariketa helduen mailan. Hasiera batean liga jokatzea zen sustatzaileen asmoa, baina gizonezkoetan bi taldek bakarrik eman zuten izena, eta ezin izan zuten liga martxan jarri. Horrenbestez, zuzenean finala jokatzea erabaki dute. Hain zuzen, Aizarnazabalek eta Ikaztegietak jokatuko dute Areto futboleko Herri Txikietako Gipuzkoako Txapelketaren lehen finala.

Maiatzaren 27an jokatu zuten finaleko joaneko partida Ikaztegietan (Gipuzkoa), eta etxeko Kutturru taldeak hartu zuen abantaila, partida 5-3 irabazita. Itzulerako neurketa ekainaren 16an jokatuko dute Aizarnazabalen, eta hitzordurako gogoz daude aizarnazabaldarrak. Unai Alberdi (Aizarnazabal, 1991) da taldekideetako bat, eta hark kontatu duenez, «giro polita» sortu da txapelketaren bueltan. Alberdiren arabera, duela urte batzuk bazen areto futboleko talde bat Aizarnazabalen, eta han aritutako jokalari batzuk eta beste hainbat gaztek osatu dute aurten Aizarnazabalgo taldea. «Txapelketaren aitzakian belaunaldi desberdinetako herritarrak elkartu gara. Duela urte batzuk bazen areto futbol taldea herrian, eta orduko arduraduna etorri zitzaigun txapelketan parte hartzeko proposamenarekin. Areto futbol taldean aritzen ginen kide batzuk animatu ginen, baina beste batzuk ez, eta, ondorioz, gazteengana jo genuen. Haiek animatu ziren, eta orain 17 urtetik 30 urtera arteko herritarrok osatzen dugu taldea», kontatu du Alberdik. Aurrez elkarrekin ibili gabekoak direnez, hainbat entrenamendu egin dituzte, eta horietan «saltsa polita» sortzen dela azaldu du: «Herri txikietan denok ezagutzen dugu elkar, eta ederki moldatzen gara elkarrekin».

Aizarnazabalgoek ezin izan zuten maiatzaren 27ko joaneko partida irabazi, baina emaitzari buelta emateko asmoa eta gogoa dutela adierazi du Alberdik: "Ez genuen nahi finala joanekoan erabakitzerik, eta zentzu horretan, gustura gaude; izan ere, posible da emaitzari buelta ematea. Oraindik urruti dago ekainaren 16a, baina oso gogotsu gaude". Egun horretan kirola eta festa uztartzea nahi dute aizarnazabaldarrek, eta oraindik egitarau zehatzik ez duten arren, festa girorik ez dela faltako aurreratu du Alberdik. "Ikaztegietan giro ederra egon zen: jan-edanerako aukera, musika, txaranga... Guk ere antzeko zerbait prestatzeko asmoa dugu, partidaren aitzakian festa ere sortzeko. Oraindik ez dakigu noiz izango den partida, baina gure asmoa da trikipoteoa eta horrelako ekintzak antolatzea partidaren aurretik, herritarrak ere giroan sartzeko".

Txapelketa indartzea xede

Jon Leunda (Beizama, 1970) da Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futboleko Txapelketaren antolatzaileetako bat, eta hark azaldu duenez, liga martxan jarri ez izanaren "penaz" gelditu diren arren, "txapelketari pixkanaka indarra ematea" da sustatzaileen asmoa.

Antolatzaileak jakitun dira "zaila" dela herri txikietan areto futbolean aritzeko taldeak osatzea, baina ez dute amore emateko asmorik. "Lehen gaztetxoak zirenak orain helduak dira, eta horiek berriro txapelketan parte hartzea eta jarraipena ematea nahi dugu. Egia da ez dela erraza, batzuk ikasten ari direlako, beste batzuk lanean dabiltzalako… baina ahaleginak egingo ditugu txapelketari eusteko. Aurten aurreneko harria jartzea da asmoa, aurrera begira txapelketari eta ligari indarra emateko", adierazi du Leundak. Beste erronketako bat da emakumeen txapelketa martxan jartzea. Aurten egin dute ahalegina, baina ez da emakumezkoen talderik animatu. "Gaztetxoen txapelketan zenbait talde mistoak izaten ziren, baina helduen mailan bestelakoa da egoera. Hori dela eta, emakumezkoen sariketa antolatzen saiatu gara, eta jarri gara harremanetan hainbat herritako klubekin, baina ez dugu inor animatzerik lortu. Beraz, dugun beste erronketako bat da emakumeen parte hartzea sustatzea", adierazi du beizamarrak.

Ikaztegietan bizi da Leunda, eta Kutturru taldearen entrenatzailea ere bada. Haren arabera, "maila oneko" partida izan zen maiatzaren 27koa, eta Aizarnazabalgoa ere hala izango dela aurreikusten dute. "Maila eta giro ederra izango da, ziur".