Hondakinen bilketa sistema aldatuko dute Aizarnazabalen

Intza Trula 2024ko mar. 12a, 10:00
Aizarnazabalgo Gaikoko hondakinen bilketa puntua. (Intza Trula)

Errefusaren eta organikoaren bilketa sistemak aldaketak izango ditu datozen asteetatik aurrera. Arroabean, berriz, bi puntu berri jarri eta bat lekualdatuko dute.

Hondakinen bilketa sisteman zenbait aldaketa egingo dituzte Aizarnazabalen. Hain zuzen, Orkatz Goenaga Urola Erdiko Mankomunitateko teknikariak azaldu duenez, organikoaren eta errefusaren bilketan izango dira aldaketa horiek.

Organikoari dagokionez, alde batetik, herrian gaur egun dauden bilketa guneak berrituko dira. Bestetik, aurrerantzean herritarrek hondakinak organikoaren ontzira bota besterik ez dute egin beharko, eta hortik aurrera mankomunitateak hartuko du guztia kudeatzeko eta jarraipena egiteko ardura. Izan ere, orain arte erabiltzaileek hondakinak organikora botatzeaz gainera, egituratzailea gehitu eta guztia nahasi behar zuten. Sistema berriarekin, baina, hondakinak adierazitako ontzira botatzea soilik izango da egin beharrekoa. Goenagak azaldu duenez, herritarrentzat sistema "erosoagoa" izatea da aldaketa honen helburuetako bat.

Errefusari dagokionez, berriz, aldaketa "handiagoa" izango da, teknikariaren hitzetan. Egun, errefusa kontainer handi batzuen bidez biltzen da herrian, eta aurrerantzean bilketa edukiontzi txikietan egingo dute. Ontzi bakoitzak zenbaki bat izango du, eta horiek portalen eta etxeen arabera banatuta egongo dira. Itxita mantenduko dituzte, eta herritarrek egokitutako zenbakidun ontzia soilik erabili ahal izango dute.

Urtetik urtera errefusa kopurua hazten ari delako hartu dute hondakinen sisteman aldaketak egiteko erabakia. Hori horrela, sistema berria ezartzearekin batera, Urola Erdiko Mankomunitateko kideek eguneroko jarraipena egingo dute, "errefusa bere onera itzultzen den ikusteko eta erabiltzaileek hondakinak leku egokira botatzen dituztela ziurtatzeko".

Bilketa puntuak berrituko dituzte orain, eta behin hori eginda, sistema berria ezartzeari ekingo diote. Data zehatzik oraindik ez dagoen arren, aurreikusi dute sistema berriak datozen asteetan jarriko dituztela martxan.

Arroabean ere aldaketak

Arroabean, Olaeta eta Narkis Balentziaga kaleetan egiten ari diren etxebizitza berrietan bi hondakin bilketa puntu berri jarriko dituzte. Horrez gain, Narkis Balentziaga eta San Isidro kaleko bilketa eskubiko aldetik egingo dute aurrerantzean; egun ezkerrean daude ontziak.