Aizarnazabalen eraikinen fatxadak berritzeko diru laguntza eskatzeko epea zabaldu du udalak

Nerea Uranga 2024ko api. 11a, 11:30
Aizarnazabal.

Aurtengo urteari lotutako diru laguntza eskatzeko epea da Aizarnazabalgo Udalak zabaldu duena. Eskaera egiteko dokumentazioa ekainaren 30era artean aurkeztu behar da udaletxean.

Aizarnazabalgo Udalak Aizarnazabalen kokatuak dauden eraikinetako fatxadak birgaitzeko diru laguntzak emateko epea zabaldu du. Dagoeneko zabalik dago laguntza eskatzeko epea, eta horretarako dokumentazioa ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da Aizarnazabalgo udaletxeko bulegoan.

2016ko abenduan onartu zuen Aizarnazabalgo Udalak eraikinen fatxadak birgaitzeko diru laguntzen ordenantza, eta araudi hori 2017ko martxoaren 20ko eta 31ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Orain, berriz, aurtengo urteari dagokion diru laguntza deialdia egitea erabaki du.

Eskaera egiteko orduan honako dokumentuak edota agiriak aurkeztu beharko dira Aizarnazabalgo udaletxean:

  • Eskatzailearen datuak: eraikinaren jabe guztien nortasun agiriaren dokumentua eta jabeen komunitatearen IFZ (Identifikazio Fiskaleko Zenbakia) zenbakia.
  • Eskatutako diru laguntzaren helburuko obra: teknikari eskudunak egindako proiektua edo, aditu baten parte hartzea beharrezkoa ez balitz, aurreikusitako obren memoria, horien deskripzioa, egikaritzeko epea, fatxadaren oraingo egoeraren argazkia eta aurrekontua.
  • Obra egin ahal izateko udal baimena eskatu denaren agiria.
  • Eraikinaren EITaren (Eraikinen Inspekzio Teknikoa) eskaera agiria, hori egiteko beharra balego.