Segurola eta Gurrutxaga aurrez aurre izango dira larunbatean Erremontari Herriz Herri txapelketan

Intza Trula 2024ko mai. 8a, 14:00

Atari Soro pilotalekuan jokatutako partida bat. (Intza Trula)

Txapelketako lehen bi partidak jokatuko dituzte larunbatean Atari Soro pilotalekuan. Segurolak eta Apezetxeak Gurrutxagaren eta Zaldua I.aren aurka jokatuko dute lehen norgehiagoka; bigarrengoan, berriz, Ansa II.ak eta Azpirozek osatutako bikoak Ezkurra II.ak eta Barrenetxea IV.ak osatutakoaren aurka jokatuko du.

Larunbatean abiatuko dute Erremontari Herriz Herri txapelketa Aizarnazabalgo Atari Soro pilotalekuan. 17:00etatik hasita, binakako bi partida ikusteko aukera izango dute pilotazaleek: lehen partidan, Segurola eta Gurrutxaga aizarnazabaldarrak izango dira aurrez aurre; Segurolak Apezetxearekin osatuko du bikoa, eta Gurrutxagak, berriz, Zaldua I.arekin jokatuko du. Halaber, bigarren norgehiagoka bat ikusteko aukera ere izango dute larunbatean Atari Sorora joaten direnek: Ansa II.ak eta Azpirozek Ezkurra II.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka jokatuko dute. Bi partidetan bi set jokatuko dituzte hamabost tantora, eta hirugarrena, zortzi tantora.

Gainera, antolatzaileek jakinarazi dute maiatzaren 16an Galarretan grabatuko den Erremontari telesailaren grabaketa zuzenean ikusi nahi duten aizarnazabaldar guztiek doako sarrera izango dutela.