Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuaren bilera izango da bihar Aizarnazabalen

Intza Trula 2024ko mai. 8a, 15:30

Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuaren aurkezpena, iazko abenduan. (Intza Trula)

Mikel elkartean jarri dute hitzordua, 17:30ean. Aizarnazabalgo Udalak interesa duen oro gonbidatu du bileran parte hartzera.

Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuaren inguruko bilera izango da bihar Aizarnazabalgo Mikel elkartean, 17:30ean. Iazko abenduan aurkeztu zituen Mikel Orbañanos Uemako teknikariak proiektuaren xehetasunak herrian, eta ordutik zenbait bilera egin dituzte gaia lantzen jarraitzeko. Gainerako hitzorduetan bezala, Aizarnazabalgo Udalak herritar guztiak animatu ditu biharko bileran parte hartzera, orain arte emandako pausoak indartzeko eta berriak martxan jartzeko.

Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuaren helburu nagusietako bat komunikazio hizkuntza euskara izatea da, baita jatorri atzerritarreko herritarren ulermena erraztea ere, beraien parte hartzea bultzatuz. Horren aurrean, besteak beste, Zer berri Aizarnazabalen herriko aldizkaria digitalizatu dute, eta guraso elkarteak euskarazko komunikazio kanala ere sortu du Telegramen.

Uemak, guraso elkarteak, Basakaitz eskolak eta Aizarnazabalgo Udalak elkarlanean zabaldu dute proiektua herrira.