Danbor hotsek hartu dute Azkoitia

Julene Frantzesena 2022ko aza. 27a, 01:05

22:00etan hasita, 11 taldetako danbor jotzaileek danborradako doinuak zabaldu dituzte kalez kale. Talde berri batek parte hartu du aurten: Zalduntxuek. Dozenaka herritar aritu dira danborrak eta txapak astintzen. Sanandres jaien atarikoa baino ez da izan danborrada.

Helduen danborrada izan da gaur gaueko protagonista Azkoitian. Izan ere, 11 taldetako danbor jotzaileek danborradako doinuak zabaldu dituzte kalez kale. Desfilea hasterako, herritar ugari elkartu da ibilbidean, taldeak noiz iritsiko zain, eta 22:00ak jotzearekin abiatu dira horiek Aingeru kaletik. Hotza ez da izan festa zapuzteko aitzakia.

Bozgorailuetako musikari jarraituz, hainbat pieza jo dituzte dozenaka herritarrek, eta Kale Nagusian sartuta, plazan egin dute lehen geldialdia. Handik behera, Plaza Berria igaro, eta bigarren geldiunea egin dute talde guztiek Balda plazan. Gero, Julio Urkijo kalerantz jo dute, handik berriro Plaza Berrira itzuli eta azken piezak plazak jotzeko. Azken geldialdi horretan zortzi pieza jo dituzte, Musika Bandak lagunduta: Azkoitia, San Sebastian, Diana, Idiarena, Deba, Umore Ona, Xoxote eta Tanbores-Tatiago.

Aurten izan da berrikuntza bat. Hain zuzen ere, azken urteetako hamar taldeei beste bat gehitu zaie: Zalduntxuek. Talde horretako kideak ere gogotik aritu dira danborrak eta txapak astintzen. Horiez gain, baina, Aldapa gazte taldea, Ixkitturri elkartea, Udalaren taldea, pilotarien taldea, euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Txintxarri gazte taldea eta Floreaga eta Xabier Munibe ikastetxeetako bina talde atera dira aurtengo danborradan.

Sanandresetarako beroketa baino ez da izan danborrada; izan ere, datozen egunetan izango da zer egin eta zertaz goza herrian.