Azkoitiko udal artxiboko Erdi Aroko Iturri Dokumentalen liburukiak aurkeztuko dituzte asteartean

Andoni Elduaien 2023ko urt. 18a, 10:34

Zenbait dokumentu digitalizatu dituzte Udal Artxiboan. (Udala)

Liburukien aurkezpena asteartean egingo dute Elkargunean, 19:00etan. Eusko Ikaskuntzako kideen eta beste hainbat lagunen artean, 1234. urtetik 1535. urtera arteko Azkoitiko Udaleko funtsak eta 1555. urtera arteko udaleko kontuak digitalizatu, zaharberritu, transkribatu eta argitaratu dituzte.

Datorren asteartean, urtarrilak 24, udal artxiboko Erdi Aroko Iturri Dokumentalen azken bi liburukiak aurkeztuko dituzte Elkargunean. Hitzordua 19:00etarako jarri dute, eta bertan udalak Azkoitiko herriak Gipuzkoako historian izan duen protagonismoa berresten duen bilduma aurkeztuko du. Hain zuzen, bi liburuek 1993an argitaratu zuten lehen liburukia osatzen dute, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Azkoitia (m.s. XIII-1500)

2024ko Hiri Gutunaren 700. urteurrena dela eta egin du udalak lana. "Udalak ahalegin garrantzitsua egin du 1234. urtetik 1535. urtera arteko udaleko funtsak nahiz 1555. urtera arteko udaleko kontuak digitalizatzeko, zaharberritzeko, transkribatzeko eta argitaratzeko", adierazi du Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak.

Erakundeak azaldu duenez, Eusko Ikaskuntzako Rosa Aierbek, Victor Herrerok, Ana Maria San Miguelek eta Montserrat Fernandezek parte hartu dute lanketan. Era berean, hainbat pertsona ezagunek ere kolaboratu dute: Jose Ignacio Telletxeak, Simon Aranbarrik, Sebastian Goñi kanonigoak, Joseba Goñik eta Saturnino Ruiz de Loizaga Vatikanoko artxibozainak. "Horiei esker, Aita Santuaren buldak eta latinez zeuden dokumentuak itzuli ahal izan ditugu. Urteetako lana izan da", azaldu du Mendizabalek.

Argitalpenok "aparteko tresna" dira Mendizabalentzat, horiek Gipuzkoaren "historian sakontzen" laguntzen baitute. "Azkoitia, Azpeitia, Tolosa eta Donostia Gipuzkoako hiriburuak izan ziren", nabarmendu du Ondare zinegotziak. Halaber, udalak azapimarratu du astearteko ekitaldiak "interes berezia" sortu duela historiako irakasleen, unibertsitateko ikasleen, ikerlarien, eta, oro har, Azkoitiko historia gustuko dutenen artean. "Harrituta geratuko dira udaletxearen edo parrokiari buruzko agirien, harresien, Nafarroako gerren edo urte nahasi haietako arazo sozialen nahiz politikoen inguruko dokumentazioa ikustean", esan du Mendizabalek.