Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Nafarroa uztartuko ditu Aitzol Altunak etziko hitzaldian

Andoni Elduaien 2023ko urt. 23a, 09:00
Aitzol Altunak emango du hitzaldia asteazkenean. (Binke!)

Hitzaldi irekia izango da etzikoa, eta 19:00etan hasiko da. Aitzol Altuna hizlariak Jose Antonio Agirre lehendakariaz hitz egingo du, Jose Antonio Agirre 'nafartar lehendakaria' izenburupean.

Nabil elkarteak, Nafar Estatuaren Berreskurapenaren aldeko mugimenduak, hitzaldia antolatu du etzirako, asteazkena, Azkoitiko Elkargunean. 19:00etan hasita, Aitzol Altuna hizlariak Jose Antonio Agirre lehendakariaz hitz egingo du, Jose Antonio Agirre 'nafartar lehendakaria' izenburupean. Altunak, besteak beste, bi liburu argitaratu ditu Nafarroaren gaiaren bueltan: El euskera en los estados en los que se ha hablado liburua eta Desmontando la vasconización tardía liburua.

Hitzaldiaren antolatzaileek, besteak beste, Agirre lehendakariaren eta Iñaki Durangoren esaldiak zabaldu nahi izan dituzte gogoetarako. Batetik, Agirre lehendakariak esan zuen "Orreagatik ez da hil gure herria" esaldia hautatu dute antolatzaileek, eta bestetik, "Ez dugu onartzen etsaiek txertatu nahi duten konkista eskubidea. Lurraldea konkistatua izango da, baina gure arima inoiz ez" esaldia. Era berean, Iñaki Durangok esandako hau ere aukeratu dute: "Agirrek zuen karismarekin, herri honen historia bestelakoa izatea lortuko zuen".