Gutuna

Egoitza, berriro hizpide

Egoitza Kalera eta egoiliarren senide talde bat 2023ko ots. 24a, 11:49

San Jose egoitza.

Egoitza Kalera taldeak eta San Jose egoitzako egoiliarren senide talde batek honako gutun hau bidali du erredakziora, egoitzaren egoera hizpide izanda:

Orain dela egun gutxi udalak publiko egin zuen San Jose egoitzako Eguneko Zentroa azkenean kalera, behera, jaistekotan direla, eta bere kokalekuaren berri ere eman zuen. Esan beharra daukagu guretzat oso berri ona izan dela. Lekua egokia da, herrian bertan, aldaparik ez, parke bat inguruan eta garraioaren beharrik ez bertara joan nahi duenarentzat, horrek gauza asko errazten baititu.

Gogoratzekoa da, lehen ere, 2015ean, onartu zutela Eguneko Zentroa Gaztaneneako eraikinean jartzea, eta ordutik zortzi urte pasatu direla.

Azken urte hauetan behin eta berriz herritarrek eskatutako gauza bat izan da. Udal Gobernu honen hasierako erantzuna ezezkoa izan bazen ere, pixkanaka bere iritzia aldatzen joan da, baiezkorako pausoa eman duen arte.

Era berean, horri gehitu behar zaio, herri mugimenduaren ondorioz, Aldundia konturatu zela egoitza hor goian egonda, herritik aparte, ez zegoela herritarren aldetik zerbitzu horretarako eskaera handirik. Beraz, negozio gutxi, eta hori... Diruak gauza asko mugitzen du!

Gauza bera gertatzen da apartamentu tutelatuekin. Guztira, sei dira, eta momentuz bat bakarrik dago okupatuta; eta bera, aldaketa baten zain. Beraz, berehala geldituko dira guztiak hutsik.

Hori ez da gertatzen jendeak ez duelako apartamentuen beharrik ikusten, baizik eta dauden lekuan egonda inork ez duelako bizi nahi herriko bizitzatik urrun. Herritarren aldetik ez dago eskaerarik, eta hori adierazgarria da. Udal Gobernuak eta Aldundiak hori zergatik gertatzen den ikusi nahi badute, hor dute berehala martxan jartzeko eginkizun bat. Hauteskundeetako propagandan hasi dira gutxienez aipatzen apartamentu tutelatuak kaleratzeko asmoa dutela, eta hitza betetzea tokatzen zaie. Bestela, badaki zer daukan diputazioak: negoziorik ez, hara gora ahal dela ez da inor joango eta.

Azkoitiko Udal Gobernuak badauka nondik ikasi. Alboko herrian, Azpeitian, egoitza herri erdian dute. Lehenaz gain, eta herritarrak erreguka batere jardun gabe, udalak bere aldetik iniziatiba izan du herriaren erdi-erdian bost pisuko egoitza berri baten proiektua bultzatzeko, 125 pertsonentzat apartamentu indibidualekin eta espazio komunekin. Azkoitian, berriz, 3.000 sinadura baino gehiago jaso ondoren, oraindik herri erdira jaisteko eskatzen jarraitzen dugu. Badago aldea! Nonbait gure zergek eta politikoek ez dute azpeitiarrenak bezainbeste ematen, adineko pertsonen kontuetan behintzat.

Azkoitian egoitza kalera jaisten ez den bitartean, Udal Gobernua saiatuko da, orain arte bezala, zerbait egiten ari dela azaltzen eta dirua alferrik gastatzen. Isil-isilik daude garraio estraren kontuarekin. Proposatu zutenean esan zitzaien alfer-alferrikakoa izango zela, inork ez zuela erabiliko, horren beharrik ez zegoela eta. Hala ere kasurik ez, eta martxan jarri zuten. Esan bezala, inork ez du erabiltzen.

Orain, berriz, egoitzara iristeko igogailu baten proiektuarekin dabiltza, nahiz eta inork ez duen hori eskatzen. Behin baino gehiagotan esan izan dugu igogailu batek ez duela ahalbidetzen egoitza kalean integratuta egotea, horrek ez duela ezer konpontzen, baina ez, segi hortxe, temati. Kontua atera ote dute igogailua zenbatek erabiliko duten?

Ez al da hobe diru horrekin egoiliarrei ematen zaien janaria hobetzea eta beste beharrei erantzutea, langileen baldintzetatik hasita? Dena gero eta okerrago doa.