Izarraizko bira egingo dute bihar, Gure txokoak ezagutzen egitasmoaren barruan

Ane Olaizola 2023ko mar. 24a, 08:30

Egitasmoko laugarren irteera izango da biharkoa, eta ohi bezala, mendizaleak 08:30ean elkartuko dira Balda plazan. Horrez gain, elkarteak mendi eski irteera egingo du asteburuan. 

Anaitasuna Mendi Bazkunak Gure txokoak ezagutzen egitasmoaren martxoko irteera egingo du bihar, larunbata. Oraingo honetan, Izarraizko bira egingo dute animatzen diren mendizaleek. Ohi bezala, 08:30ean elkartuko dira Balda plazan, eta handik joko dute mendira. Gure txokoak ezagutzen egitasmoaren laugarren mendi irteera izango da zapatukoa. Lehen irteera Kakueta mendira egin zuten abenduan; bigarren ibilaldian, berriz, Urrategi auzoa eta Hirukurutzeta nahiz Karakate mendiak lotu zituzten; eta hirugarrengoan, Kukuherri eta Samiño lotu zituzten.

Ekimen irekia da Gure txokoak ezagutzen, eta "zailtasunik ez duten mendi irteerak" egiten dituzte han. Hori horrela, herritar orok parte hartzeko moduko bideak ari dira egiten hilabeteko azken zapatuetan. Helburua da mendi irteerak taldean egitea. 

Ez da Anaitasunak astebururako prestatu duen egitasmo bakarra izango hori; izan ere, mendi eskia praktikatzeko urteko bigarren irteera egingo dute datozen egunetan. Panticosa (Espainia) inguruan arituko dira horretan. Bi egunez, hainbat ibilbide egingo dituzte, besteak beste, Pondiellos, Infierno eta Diente de Batanes zeharkatuz. Itxita dago izen-ematea.