Dena prest dute asteburuko duatloiaren festarako

Aitziber Arzallus 2023ko api. 25a, 17:23

Gaur eguerdian Elkargunean egin duten agerraldia. (Aitziber Arzallus)

Larunbat goizean haurren probekin hasiko dira, arratsaldean supersprint distantziako duatloia jokatuko dute, eta igande goizean, distantzia motzeko duatloia. Proba guztiak herriko plazan hasi eta bukatuko dira, eta eragina izango dute herri barruko zein Azkoitia eta Azpeitia arteko trafikoaren zirkulazioan. 

Asteburuan duatloiak hartuko du Azkoitia. Azkoitri Azkoitiko triatloi klubak antolatuta eta Azkoitiko Duatloia izenpean, hainbat proba jokatuko dituzte bi egunez: larunbatean, umeentzako probak, supersprint distantziako paraduatloia eta duatloi herrikoia; eta igandean, drafting gabeko distantzia motzeko Azkoitiko Duatloia. Gaur eguerdian proba guztien nondik norakoak azaltzeko agerraldia egin dute antolatzaileek Elkargunean. Haritz Uranga Ebro Azkoitiko Duatloiaren arduradunak, Aitor Beneitez Tertzio Azkoitri triatloi klubeko lehendakariak, Nekane Zalbide Marea Urdinako kideak eta Lia Ariño Azkoitiko Udaleko kirol teknikariak parte hartu dute aurkezpenean.

Larunbatean, 09:30etan emango diote hasiera duatloiaren festari, umeen probekin. Adinka banatuta jokatuko dituzte horiek: LH1eta LH2ko haurrek, 200 metro lasterka, kilometro bat bizikletan eta beste 100 metro korrika egin beharko dituzte; LH3-LH4ko umeek 500 metro korrika, bi kilometro bizikletan eta ehun metro korrika egingo dituzte; LH5 eta LH6ko umeek, berriz, 500 metro korrika, hiru kilometro bizikletan eta 200 metro korrika egingo dituzte; azkenik, DBHkoek (12-16 urte) kilometro bat korrika, bost kilometro bizikletan eta 500 metro korrika egiteko ibilbidea izango dute. Azkoitiko eta Azpeitiko LH3tik LH6ra arteko umeentzat asteburu honetako eskola kiroleko saioa izango da hori, baina gazteagoek eta zaharragoek ere parte hartu ahal izango dute. Aurrez izena ematea komeni dela esan dute antolatzaileek, zenbat umek parte hartuko duten ahalik eta zehatzen jakin ahal izateko, eta aurreratu dute proba horietan parte hartzea sustatuko dutela lehiaren gainetik.

Larunbat arratsaldean, 16:00etan hasita, bi proba jokatuko dituzte: supersprint distantziako paraduatloia eta distantzia bereko duatloi herrikoia; azken horretan 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzaileek bi kilometro eta erdi korrika, hamar kilometro bizikletan eta kilometro eta laurden korrika egin beharko dituzte.

Goizeko zein arratsaldeko probetan aniztasun funtzionala duten hainbat herritarrek parte hartuko dute Marea Urdinaren laguntzaz. Zalbidek nabarmendu du kirola eskubide bat baino gehiago dela herritarrentzat. "Kirolak buru osasunari zein osasun fisikoari onurak ekartzen dizkio, eta inklusioak zeozerren parte sentiaraztea; beraz, kirola ezinbestekoa da osasunerako eta gure herriaren parte sentitzeko. Horregatik, eskerrak antolatzaileei aukera emateagatik; guk gogotsu parte hartuko dugu".

Igandean, distantzia motzeko duatloia

Igande goizean, berriz, 10:00etan hasita, distantzia motzeko duatloia jokatuko dute, federatuek nahiz federatu gabekoek. Horiek hamar kilometro korrika, 40 kilometro bizikletan eta bost kilometro korrika egin beharko dituzte. Gainera, federatuta daudenentzat Gipuzkoako Distantzia Motzeko Txapelketa ere izango da hori.

Iaz proba guztiak egun berean jokatu zituzten, baina Ebrok azaldu duenez, aurten proba nagusia igande goizean egitea erabaki dute, trafikoaren zirkulazioan ahalik eta endredo gutxien eragitearren. Izan ere, kirolariak errepidean diren bitartean, ibilgailuentzat erabat itxita egongo da bidea lasterketaren noranzkoan. Azkoitia eta Azpeitia arteko zatia 10:45etik 12:30era bitartean itxita egongo dela aurreratu dute.

Tertziok eman ditu izen emateri buruzko hainbat datu. Haren esanetan, superesprint proban iaz baino zazpi lagun gehiagok eman dute izena, guztira 54 lagunek. Horietatik 24 emakumeak direla nabarmendu du, eta 14 azkoitiarrak. Igandeko proban, berriz, 178 lagunek eman dute izena, iaz baino hogei gehiagok, eta hamabost dira emakumeak. Aipagarritzat jo du Azkoitriko hamar lagunek hartuko dutela parte proba horretan, bederatzi gizonak eta bestea emakumea. Beraz, helduen bi probak kontuan hartuta, guztira, 193 gizonek eta 39 emakumek parte hartuko dute lehian. Jatorriari dagokionez, 124 gipuzkoar, 89 bizkaitar, 27 arabar eta hiru nafar zenbatu ditu Tertziok, eta Espainiako hainbat lekutako parte hartzaileak espero dituztela ere esan du.

Proba antolatzeko 8.000-9.000 euroko aurrekontua izan dutela zehaztu du Azkoitriko kideak, eta Azkoitiko Udala eta inguruko enpresak izan direla lagundu dietenak. "Dirua hemengoa denez, hemen gelditzeko saiakera” egin dutela ere azaldu du. "Probak antolatzeko gastuen %75 Azkoitiko eta Azpeitiko enpresetan egin ditugu, eta beste %25 kanpoko enpresetan gastatu dugu, produktu batzuk hemen lortzerik izan ez dugulako. Nahiko genuke gastu guztiak bertako enpresetan egiteko modua izan bagenu, baina ez da posible izan".

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo udalei eta inguruko enpresei, eta baita probaren antolakuntzan eta proben egunetan lagunduko duten boluntarioei ere, haiek gabe ezinezkoa litzatekeelako Azkoitik Duatloia gauzatzea. Eta deia egin diete asteburuan boluntario aritzeko prest leudekeen herritarrei, denen laguntza eskertuko luketelako. Ebrok zehaztu duenez, larunbat goizean eta arratsaldean 30-40 bat boluntario ariko dira lanean, eta igande goizean 75-80 inguru. "Zenbaki potoloak dira horiek, kontuan hartzeko modukoak, eta parte hartze datuarekin batera, probaren tamainaren erakusgarri dira".

Egitaraua

Apirilak 29, larunbata.

Umeak

  • 09:30ean, LH1-LH2koak (6 eta 7 urte) --- [200 - 1.000 - 100 metro]
  • 10:00etan, LH3koak (8 urte) --- [500 - 2.000 - 100 metro]
  • 10:30ean, LH4koak (9 urte) --- [500 - 2.000 - 100 metro]
  • 11:30ean, LH5ekoak (10 urte) --- [500 - 3.000 - 200 metro]
  • 12:00etan, LH6koa (11 urte) --- [500 - 3.000 - 200 metro]

Supersprint distantzia (2,5 km - 10 km - 1,25 km)

  • 16:00etan, paraduatloiaren irteera.
  • 16:02an gizonen irteera.
  • 16:04an, emakumeen irteera.
  • 16:06an, kadeteen irteera

Apirilak 30, igandea.

Estandar distantzia (10km - 40km - 5km)

  • 10:00etan, gizonen irteera (Gipuzkoako Txapelketa).
  • 10:05ean, emakumeen irteera (Gipuzkoako Txapelketa).

Proba bakoitzaren inguruko informazio zehatza, Azkoitikoduatloia.eus webgunean.