Motozaleen topaketa egingo dute bihar hirugarrenez Azkoitian

Andoni Elduaien 2023ko mai. 5a, 09:08
Iazko moto topaketan egindako erakustaldiaren irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Goizean, ibilbidea egingo dute eskualdean zehar motozaleek. Lagunarteko bazkaria egin ondoren, arratsaldean moto erakustaldia izango da Julio Urkixo kalean.

Bikers Urola Kosta motozaleen taldeak antolatuta, moto topaketa egingo dute bihar hirugarren aldiz Azkoitian. 09:30 inguruan hasiko dira motozaleak herriko plaza nagusian elkartzen; izan ere, ordu horretan zabalduko dute 14:30ean lagunartean egingo duten bazkarirako izen ematea. Bazkarirako izen ematearen prezioa 22 eurokoa da, eta gehienez, 90 lagunek eman ahal izango dute izena.

Partaide guztiak elkartzen direnean, ibilbide bat egitera aterako dira. Hain zuzen, 10:30ean abiatuko dira Azpeitiko Añota sagardotegira; 11:15 bueltan iritsiko dira hara, eta ordubete inguruko geldialdia egingo dute bertan. Añota sagardotegitik berriro Azkoitira zuzenduko dira motozaleak, 13:00etan egingo baitute txikiteoa. Iaz bezala, aurten ere Iturri jatetxean egingo dute bazkaria, 14:30ean.

Arratsaldean ere jarraipena izango du motozaleen jaiak. 17:30ean, motoen show stunt erakustaldia izango da. Iaz, herriko plazan egin zuten moto erakustaldia; aurten, Zuazola kalean egingo dute.