Beste kuadrilla bat festarako

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 24a, 10:41

BelaƱoko kideak, ezkerrean, helduen danborradarako aurtengo lehen entsegu saioan . (Urtzi Oteiza)

Talde berri bat gehituko zaio bihar Azkoitiko helduen danborradari: Belaño. Azken hamarkadan estreinatu diren hirutik bi bezala, lagun talde gaztea dute oinarrian.

Hazi eta hazi ari da Azkoitiko helduen danborrada XXI. mendean, eta hazkunde horretan beste koska bat gora egingo du aurten, festaren 75. urteurrenean. Izan ere, dozenara iritsiko da talde kopurua bihar estreinakoz parte hartuko duen Belaño taldearekin, eta Azkoitiko danborradak inoiz izan duen talde kopuru handiena da hori. Gaur egun sanandresen barruan egiten den danbor festan partaide diren taldeetatik hiru besterik ez dira XX. mendeko danborradetatik datozenak: Pilotariak, Euskal Presoen Eskubideen Aldeko taldea eta Udalekoa. Beste bederatziak XXI. mendean batu zaizkio danbor festari: Ixkiturri, 2001ean; Floreagako gurasoena zein ikasle ohiena, 2003an; Xabier Munibe ikastolako gurasoena zein ikasle ohiena, 2005ean; Txintxarri, 2015ean; Aldapa, 2018an; Zalduntxuk, 2022an; eta Belaño, aurten, 2023an.

Azken hamar urteen barruan danborradan hasi diren lau taldeetatik hiruk badute, gainera, gauza bat komunean: Txintxarrikoak eta Aldapakoak bezala, herriko kuadrilla batetik sortu da eta kuadrilla horren izenarekin irtengo da Belaño taldea.

Gogotsu eta prest

Bihar gaueko festaz gozatzeko "gogotsu" daude Belañoko kideak. Orain arte kanpotik gozatu izan dute danborradaz, "parte hartzen zuten lagunak-eta ikusiz", eta aurten lehen aldiz jakingo dute festaren protagonistek barrutik nola bizi duten desfilea.

"Prest gaude biharko. Entsegu guztietara joan gara gehienok, erritmoa hartu dugu behintzat. Ea ondo irteten den, eta hurrengo urteetan ere jarraitzen dugun", dio Endika Larrañaga taldekideak. Aitortu du lehen entseguan "nahiko galduta" ibili zirela, baina horri buelta emateko ondorengo saioetan taldekide guztiek agertutako "jarrera ona eta ardura" nabarmendu ditu Larrañagak. "Alde horretatik, oso gustura gaude, denok asko inplikatu garelako".

Belañokoek denboratxoa ze-ramaten danborradan irtetearen ideia buruan zutela, eta joan den udan hartu zuten behin betiko erabakia. Azkoitiko danborradak antolatzen dituen Tata elkartekoekin jarri ziren harremanetan uda bukaeran. Haiek helduen danborradaren araudia eta festan parte hartu ahal izateko taldeek bete beharreko baldintzak azaldu zizkieten. "Horiek betetzeko prest al geunden galdetu ziguten, taldekoon datuak eman genituen, eta aurrera", azaldu du Larrañagak; danborradako talde guztiek izendatu behar izaten dute arduradun bat, eta bera da, hain zuzen, Belañokoen arduraduna.

Mutilek osatzen dute Belaño kuadrilla, baina danborradako taldean "erdi eta erdi" dira mutilak eta neskak, beren adineko neskei ere deia luzatu baitzieten danborradan Belaño taldearekin irteteko. Zuzendariarekin, 51 lagunek osatzen dute taldea. Gazteagoak diren batzuk eta zaharragoa den bakarren bat badaude taldean, baina kide "gehienak" 2001ean jaiotakoak dira. Eta lau taldekiderentzat izan ezik, guztientzat izango da biharkoa lehen aldia helduen danborradan. "Giroa ederra izaten dela eta gauaz gozatzeko modu polita izaten dela" kontatu diete taldekideei danborradan esperientzia duten lagunek.

Aurten, "sinple"

Kuadrillaren bereizgarri den eta Belañokoen logoa daraman polo beltza, galtza zuriak eta txapela. Jantzi horrekin estreinatuko da danborradan talde berria. Poloarena "argi" zutela dio Larrañagak, baina gainerako elementuak erabakitzeko ez dute denbora gehiegi hartu; uda bukaeratik azarora bitartean "asti asko ere ez" dute izan, gainera. "Aurten, sinple" irtengo dira, eta aurrerago beste jantziren bat prestatzea ere ez daukate, "momentuz", buruan; hala ere, "zerbait landuagoa" prestatuko dutela uste du Belañoko arduradunak. Mahuka motzekoak dira poloak, eta gau hotza espero da biharko, baina kamiseta termikoekin moldatzea espero dute Belañokoek.

Bihar, arratsaldetik ibiliko dira kalean, Herri Lasterketan irtengo direnak animatzen, besteak beste. Joseba jatetxean afal- duko dute, "beste talde askok bezala". Eta handik, 21:30erako, Gurea atarira, tokia hartzera.

500 lagunek osatutako desfile berezia

Urte seinalatua du aurten helduen danborradak, lehen aldia egin zuteneko 75. urteurrena ospatzen ari baita Azkoitiko danbor festa. Hain zuzen ere, biharkoa izango da ospakizunen azken hitzordua. 22:00etan hasiko da, ohi bezala, danborrada Gurea pilotalekuaren aurretik. Belañorekin, hamabi talde eta 500 bat herritar dira desfilean parte hartuko dutenak, eta hurrenkera honetan ibiliko dira taldeak kalez kale: Udaleko taldea, Ixkiturri, Pilotariak, Euskal Presoen Eskubideen Aldeko taldea, Floreagako bi taldeak, Xabier Munibeko bi taldeak, Txintxarri, Aldapa, Zalduntxuk eta Belaño.