San Andres jaia, lehertzear

Iraia Oteiza 2023ko aza. 24a, 10:50

Arratsaldean hasiko dira sanandresak Azkoitian, danborradaren jaialdiarekin eta pilota partidekin.Udalak egitarau zabala prestatu du asteburu osorako.

Azaroaren 30a, San Andres eguna, izango da aurten ere festa egun nagusia Azkoitian. Dena den, gaur hasiko dira sanandresetako ospakizunekin herrian, eta udalak egitarau zabala prestatu du astebururako.

Jaialdi batekin ekingo diete sanandresei Azkoitian. Helduen danborradaren 75. urteurrena dela eta, «ekitaldi berezia» prestatu dute; 19:00etan izango da gaur, ostirala, Baztartxo antzokian. Hain zuzen, danborradaren ibilbideari lotutako dokumentala estreinatuko dute bertan, eta estreinaldi hori danborra joz osatuko dute. Azkoitiko danborradako talde bakoitzeko bizpahiru kide elkartuta, taldetxo bat osatuko dute, eta Elgoibarko (Gipuzkoa) danborradako 33 kiderekin batera, Azkoitia pieza joko dute Baztartxon. Ondoren, talde bakoitzak beste hiruna pieza joko ditu, Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin. Jaialdirako sarrerak doakoak izango diren arren, aurrez eskuratu beharko dira Lujan dendan, Etxe-Aitz tabernan edo Zer0 ile apaindegian. Pertsona bakoitzak, gehienez ere, lau sarrera hartzeko aukera izango du.

22:15ean berriz, eskuz binakako txapelketako lehen jardunaldiko pilota partidak jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan. Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak osatutako bikoteak Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta bikotea izango du aurkari. Bestalde, promozio mailan, Egiguren V.ak eta Eskuzak De la Fuenteren eta Bikuñaren aurka neurtuko dituzte indarrak. ETB1ek zuzenean emango du jaialdia.

Askotariko ekintzak

Bihar, askotariko ekintzek hartuko dute herria. Besteak beste, San Andres Igeriketa Saria jokatuko dute Zubiaurre igeriketa elkartearen eskutik, eta ondoren, XVIII. Herri Lasterketa izango da Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton elkarteak antolatuta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraingoz 300 lagun inguruk eman dute lasterketarako izena. Bidegurutzeetan laguntzeko boluntarioak behar dituztela ere adierazi dute, eta laguntzeko prest daudenei bihar 15:30ean plazara joateko deia egin diete. 

Gauean, danbor hotsek hartuko dituzte kaleak. Aurtengo helduen danborradak, ordea, zenbait berezitasun izango ditu. Hasiera batean Donostiako kanoia zen Azkoitira etortzekoa, baina "arazo teknikoak" tarteko, Elgoibarko danborradan erabiltzen duten kanoiaren erreplika izango da Azkoitian, azkenean.

Herriko plazan egingo dituzten bi geldiuneetan botako dute kanoikada bana, eta hori artilleroak piztuko du bi aldietan, nahiz eta hasiera batean Ana Azkoitia alkateak eta danborradako bi ordezkarik piztu behar zuten. Donostiako 1813ko Abuztuaren 31 elkarteko kanoia datorren urtean Azkoitira ekartzen ahaleginduko direla adierazi dute danborrada batzordeko kideek. 

Danborradak ohiko ibilbidea egingo du, betiere eguraldiak baldintzatzen ez badu. Udalak egindako aurreikuspenen arabera, 22:00etan aterako da danborrada Gurea pilotalekutik herriko plazarantz. Plazan geldiunea egingo du, eta Plazaberritik barrena, Balda plazara helduko da, bigarren geldiunea egiteko. Handik Julio Urkixo kalerantz joango da, eta berriro bueltan Plazaberritik herriko plazara iritsiko da. 

Asteburua borobiltzeko, igandean ere izango da zer egina Azkoitian. Herriko plazan, baserritarren produktuen azoka izango da 10:00etan hasita. Hamar baserritar eta ekoizlek parte hartuko dute azokan: Ipintza baserriak, Zumeta baserriak, Santakutz baserriak, Etxearreta baserriak, Zabaleta baserriak, Berastegi baserriak, Balentzixak, Lizasagarrek, Ekain sagardoak eta Errezilgo dendak. Horrez gain, bolillo lanen erakustaldia ere izango da Kontzejupean.  11:00etatik aurrera, berriz, Garapenean Bidelagun elkartasun azoka izango da plazan, eta gobernuz kanpoko bederatzi erakundek beren lana gizarteratuko dute han. 

Eguerdian, Bizkargi musika eskolako musikarien, dantzari txikien eta Txalkor txistulari taldearen San Andres kalejira izango da herriko kaleetan barrena. Eguraldi txarra eginez gero, kalejira bertan behera geratuko da.

Hona hemen asteburuko egitaraua osorik:

  • Azaroak 24, ostirala
    • 19:00etan, danborradaren 75. urteurrenaren ospakizun jaialdia, Baztartxo antzokian.
    • 22:00etan, eskuzko binakako pilota txapelketaren aurreneko jardunaldia, Gurean.
  • Azaroak 25, larunbata
    • 16:00etan, haurrentzako San Andres Igeriketa Saria, Elkargunean.
    • 16:30ean, XVIII. Herri Lasterketa, herriko plazatik abiatuta.
    • 22:00etan, helduen danborrada kaleetan zehar.
  • Azaroak 26, igandea
    • 10:00etan, Azkoitiko baserritarren produktuen azoka, plazan eta bolillo lanen erakustaldia, Kontzejupean.
    • 11:00etan, Garapenean Bidelagun azoka, plazan.
    • 12:00etan, Bizkargi musika eskolako musikarien, dantzarien eta Txalkor txistulari taldearen kalejira. Eguraldi txarrarekin, bertan behera geratuko da.