Jubilatuentzat egongela bat atondu du Plaza Ondok, horiek elkartzeko txoko bat izan dezaten

Ane Olaizola 2024ko urt. 15a, 16:05
Plaza Ondo jubilatuen elkarteak egokitu duen egongela. (Ane Olaizola)

Azken urteetan jubilatuek elkartzeko txoko propiorik ez dutela eta, haientzako egongela bat atondu du Plaza Ondo elkarteak, eta erretiratuek astelehenetik ostiralera bitartean, goiz eta arratsaldez izango dute erabilgarri.

Jubilatuen elkarteko taberna itxita dago azken urteetan, eta egoeraren aurrean, erretiratuak elkarrekin egon ahal izateko egongela bat atondu du Plaza Ondo jubilatuen elkarteak bere egoitzan, lehengo tabernaren ondoko geletako batean. Astelehenetik ostiralera bitartean zabalduko dute txokoa, 10:00etatik 12:00etara eta 15:30etik 19:00etara artean, eta erretiratu orok erabili ahal izango du.

Hainbat besaulki, mahai eta sofarekin jantzi dute egongela. Elkartzeko, tertuliarako zein denbora pasatzeko gunea prestatu nahi izan du elkarteak, eta hara joaten direnek telebista bat eta aldizkari batzuk izango dituzte eskuragarri, besteak beste. Horrez gain, elkarteak bere jardueretarako biltegi moduan erabiltzen duen gelatik mahai gaineko jolasak hartzeko aukera izango dute han elkartzen diren jubilatuek, hala nola kartak, dominoa eta partxisa, honako ordutegi honetan: 17:00etatik 19:00etara, asteazkenetan eta ostegunetan izan ezik. Elkarteak jubilatu oro gonbidatu ditu bertara.