Apirilaren erdialdean amaituko dituzte ur sarea eraginkortasunez kudeatzeko sektorizazio lanak

Intza Trula 2024ko mar. 16a, 09:30
Ur sarea eraginkortasunez kudeatzeko sektorizazio lanak Azkoitian. (Azkoitiko Udala)

Gipuzkoako Urak sektorizazio lanak egiten ari da Azkoitian joan den azarotik. 127.863,73 euroko aurrekontua dute lanek.

Apirilaren erdialderako amaituta egongo dira ur sarea eraginkortasunez kudeatzeko Azkoitian egiten ari diren sektorizazio lanak. Hain justu, joan den azarotik ari da Gipuzkoako Urak sektorizazio lanak egiten, eta 127.863,73 euroko aurrekontua dute lan horiek gauzatzeko. Halaber, udalak jakinarazi duenez, aste honetan jarrita geratuko dira ur emaria neurtzeko gailu ia guztiak.

Sektorizazio lanak sarea zatikatzeko egiten dira, errendimendu eta kalitate parametroen gaineko kontrola hobetzea ahalbidetuz; hala nola ur ihesak topatzea, sintomarik gabeko ihesak aurkitzea, kontsumoaren karakterizazioa, edota inbertsioen plangintza egitea errazten dute.

Prozesu honetan, udalerriko hamar eremuri eragiten dieten sektorizazio lanak egin dira, eta balbulak berritu dira beste hiru kokalekutan. Sektorizazio lanak Auzmendibidean, Ugarten, Ipintzan, Elgoibar bidean, Trenbidearen Zumardian, Ibaiondon, Martin Deunan, Altzibarren, Aingerun eta Julio Urkixon egin dira.

Gipuzkoako Urak-ek eta Azkoitiko Udalak hitzartuta duten akordioan jasotakoaren arabera, 2024an, kontsortzioak Azkoitian 247.000 euro inbertitzeko konpromisoa du azpiegiturak hobetzeko. Urtero aurrekontu bat zehazten da inbertsioetarako, etengabeko hobekuntzei jarraipena eman ahal izateko