Biharko umeen danborradaren ibilbidea ezagutarazi dute

Iraia Oteiza 2024ko api. 5a, 10:00

Plazatik 17:00etan atera eta herriko kaleak zeharkatuko ditu biharko umeen danborradak. Balda plazan eta Herriko plazan egingo dituzte geldialdiak danbor jotzaileek, eta Gurea pilotalekuan emango diote amaiera.

Umeen danbor festa lehertzeko ordu gutxiren faltan, dena prest dute Tata eta Umore Ona elkarteek. Orotara, 200 bat haur aterako dira bihar kalera danborrak astintzera. HH5etik LH6ra arteko haurrek hartuko dute parte danborradan, sei taldetan banatuta: Gastadoreak, Umore Onak, Zalduntxoak, Abarketariak, Pelotariak eta Sukaldariak. Talde horiekin batera, sukaldari txikiak ere joango dira karrozaren aurretik. Aurten, gainera, aspaldiko urteetan ez bezala, arkatza eta paella ontzia eramaten dituztenak ere aterako dira, eta banderadunek bandera berriak eramango dituzte.

Antolatzaileek bihar 16:00etarako deitu dituzte kantinerak eta banderariak, gastadoreak zein karrozan aterako diren umeak; plazan egon beharko dute ordu horretarako. Danbor jotzaileak, berriz, 16:30erako egon beharko dute han, eta danborrada 17:00etan aterako da plazatik.

Herriko plazatik irten eta Plazaberri zeharkatu ostean, aurreneko geldialdia Balda plazan egingo du danborradak. Handik, zubia gurutzatu, Ibaiondo zeharkatu, eta eliz atarira iritsiko dira, berriro Herriko plazara itzuli eta bertan bigarren geldialdia egiteko. Ondoren, Umore Ona elkarte aurrean meriendatu eta Aizkibel kaletik barrena, Kale Nagusian sartuko dira. Handik Gurea pilotalekura joango dira eta bertan amaituko dute aurtengo danborrada.

Karrozaren gaia, Azkoitia 700

Karroza apaintzeko aurten erabili den gaia Azkoitia 700 izan da. Azkoitiko banderarekin batera, Azkoitian 1324an jasotako hiri gutun originalaren kopia eramango dute bertan doazen haurrek. Karrozako parte hartzaile guztiek garai bateko Azkoitia irudikatuko dute.