Haurren danborrada, Pazko larunbateko protagonista

Iraia Oteiza 2024ko api. 6a, 19:30

200 haur baino gehiago atera dira arratsaldean Azkoitiko umeen danborradan, eta giro aparta jarriz zeharkatu dituzte herriko kaleak.

Sargori egonagatik ere, gogotik astindu dituzte danborrak eta barrikak Azkoitiko gaztetxoek. 200 haurretik gora atera dira arratsaldeko danborradan, sei taldetan banatuta: Gastadoreak, Umore Onak, Zalduntxoak, Abarketariak, Pelotariak eta Sukaldariak. Talde horiekin batera, sukaldari txikiek ere herriko kaleak zeharkatu dituzte karrozaren aurretik.

Karroza apaintzeko aurten erabili duten gaia Azkoitia 700 izan da, eta bertan joan diren haurrek garai bateko Azkoitia irudikatu dute. Gustura zeharkatu dituzte kaleak, herritarrak agurtuz, eta karameluak zein serpentinak botaz.

Halaber, zenbait berrikuntza ere izan dira aurtengo umeen danborradan: batetik, aspaldiko urteetan ez bezala, arkatza eta paella ontzia eramaten dituztenak atera dira saltoka; eta bestetik, banderadunek bandera berriekin zeharkatu dituzte herriko kaleak.

Herriko plazatik irten eta Plazaberri zeharkatu ostean, aurreneko geldialdia Balda plazan egin du danborradak. Handik, zubia gurutzatu, Ibaiondo zeharkatu, eta eliz atarira iritsi dira, berriro Herriko plazara itzuli eta bertan bigarren geldialdia eginez. Ondoren, Umore Ona elkarte aurrean mokadutxo bat egiteko aukera izan dute umeek, eta Aizkibel kaletik barrena, Kale Nagusian sartu dira berriro. Handik Gurea pilotalekura joan dira eta bertan amaitu dute aurtengo danborrada.