Azkarate gaineko errepide zatian, tunelaren inguruan, zenbait aldaketa egingo dituzte

Iraia Oteiza 2024ko api. 12a, 16:02

Batetik, pasatzen uzteko seinalea aurreratzeko erreian jarriko dute eskubikoan beharrean, hau da, errei motelak izango du lehentasuna, eta ez errei azkarrak. Bestetik, Elgoibartik Azkoitirako noranzkoan, aurreratzeko erreia Azkarate gaineko tunela baino lehen amaituko da hemendik aurrera, eta ez tunelaren barruan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbait aldaketa egingo ditu GI-2634 errepidean, Azkarate gaineko tunelaren zatian. Aldundiak azaldu duenez, azken urteetan gune horretan izan diren istripu eta gorabeherak aztertu ostean, tunelaren egungo erreien konfigurazioa aldatzea erabaki du, "segurtasuna hobetzeko neurri" gisa. Izan ere, Azkarate gainekoa zati aldapatsua da eta tunelaren inguruan trazadura bihurgunetsua du.

Aldaketa horiekin, batetik, abiadura moteleko erreiak lehentasuna izango du errei azkarraren aurrean, hau da, bidea amaitzera doala, pasatzen uzteko seinalea ezkerreko erreian doanak izango du, eta ez eskuinekoan doanak; bestetik, Elgoibartik Azkoitirako noranzkoan, aurreratzeko erreia Azkarate gaineko tunela baino lehen amaituko da (orain arte tunelaren barrura arte zegoena). Ondorioz, tunelaren barruan bi errei soilik egongo dira, orain arte aurreratzeko balio izan duen erreia, erdikoa, ezabatu egingo baitute tunelean.

Lanak asteburuan zehar burutuko dituzte, gaur gauean hasita. Pintaketa eta seinaleztapen lanak izango dira egingo dituztenak.