Musika, jan-edana eta artisau lanak uztartuko ditu Laja Festek

Aitziber Arzallus 2024ko api. 17a, 09:45
Azkoitiko Santa Kutz auzoan dago Laja jatetxea. (Hitza)

Ostiral arratsaldean hasi eta igande iluntzean bukatuko da jaialdia. Inguruko artisauek eta musikariek parte hartuko dute, eta janari furgonetak egongo dira.

Zuzeneko musika entzun, inguruko hainbat artisauk egindako lanak ikusi zein erosi eta mokadutxo bat egin nahi dutenek Azkoitiko Santa Kutz auzoko Laja jatetxean aukera ederra izango dute asteburuan. Ostiral arratsaldetik igande iluntzera Laja Fest ospatuko dute, osagai horiek guztiak eta gehiago izango dituen jaialdia. Familian gozatzeko plan aproposa izan daitekeela iritzita, Valeska Rojas jatetxearen arduradunak bertaratzeko deia egin die herritarrei: "Ziur naiz giro paregabea sortuko dela".

Jose Luis Etxeberriarena da jatetxea, baina Rojasek du negozioaren ardura eta Rojasi bururatu zitzaion han zerbait berezia antolatzeko ideia ere. "Laja toki oso ederra da, baina, nolabait esatearren, ahaztutako tokia da, ez da pasaerako lekua, propio joan behar da hara", hasi da azalpenak ematen. "Duela pare bat hilabete, sofan nengoela, jendea Lajara erakartzeko zer egin genezakeen pentsatzen hasi nintzen. Neuri asko gustatzen zaizkit janari furgonetak, kaleko janari postuak eta horrelakoak, jende asko erakartzen dute, eta horietakoren batekin eta beste zerbaitekin zerbait antolatzeko ideiari bueltaka hasi nintzen". Bati eta besteari deika hasi zen. "Krepeak egiten dituen bati deitu nion, taloak egiten dituen beste bati ere bai; taloak, azkenean, sanandresetan eta santomasetan bakarrik jaten ditugulako, baina jendeari asko gustatzen zaizkiolako". Halaxe, pixkanaka-pixkanaka, Laja Festen lehen edizioa izango denari gorputza ematen hasi zen.

Jan-edanari laguntzeko musika pixka bat eta artisau postu batzuk ondo leudekeela irudituta, horiek lotzeari ekin zion gero. "Inguruko eskulangileentzat beraien lanak erakusteko eta saltzeko aukera polita izan zitekeela pentsatu nuen, eta buztina lantzen duen Azkoitiko neska batekin harremanetan jarri eta proposamena egin nion. Hark baiezkoa eman zidan, baita nor gehiagorengana jo nezakeen proposatu ere, eta halaxe, batzuk eta besteak lotzen joan naiz. Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat artisauk parte hartuko dute azkenean".

Denak gonbidatuta

Eta musikariekin ere berdin. "Batetik, jende dezente mugiarazten duen Gasteizko punk talde bat dator, Old Time Spooks; bestetik, lehen Azkoitian bizi zen Urtzi Azkue musikariak gidatzen duen Ur taldea; eta horiez gain, Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat disko jartzaile gaztek ere parte hartuko dute jaialdian".

Rojas "harrituta" dago jaialdiak orain artean izan duen harrerarekin. "Deitu diedan guztiek eman didate baiezkoa, gogo oso onez hartu dute gonbidapena eta, gainera, edozertan laguntzeko prest azaldu dira; alde horretatik, denei eskerrak eman beharrean nago". Ostiraletik igandera bitartean ere jendeak ondo erantzutea espero du Rojasek. "Jaialdia iragartzeko ahaleginak egiten ari gara: kartelak itsatsi ditugu inguruko herrietan, Gaztea irratian ere ari dira jaialdia iragartzen...". Eguraldi iragarpena ere aldeko dutela esan du. "Ez zaigu eguraldi onegia egiterik komeni, bestela jendeak kostaldera jotzen baitu, eta oraingoz eguraldia ere geure alde izango dugula ematen du". Denei asteburuan Lajara igotzeko gonbidapena egin die Rojasek.

Egitaraua

  • Etzi, ostirala.
    • 18:00-00:00. Kanpax DJa.
  • Hilak 20, larunbata.
    • 19:30-20:30. Old Time Spooks taldearen kontzertua.
    • 21:00-22:30. Ur taldearen kontzertua.
    • 22:30-02:00. Murxi eta Albi DJen saioak.
  • Hilak 21, igandea.
    • 14:00-18:00. Haurrentzako puzgarriak.
  • Asteburu guztian. Jan-edanerako postuak eta Azkoitiko eta Azpeitiko eskulangileen postuak.