Buruz Buruko Txapelketako finalerdietara sailkatu da Artola, Gurea pilotalekuan

Ihintza Elustondo 2024ko api. 20a, 07:48
Artolaren eta Elordiren aurkako partidaren une bat, atzo, Gurea pilotalekuan.

Buruz Buruko Txapelketako final laurdenetako bigarren jardunaldiko partida jokatu dute Azkoitian. Elordik eta Artolak neurtu dituzte indarrak, eta Artola aise nagusitu da: 22 eta 8. Binaka, Elezkano II.a-Erostarbe eta Etxeberria-Gaskue bikoteak aritu dira lehian, eta 22 eta 9 gailendu dira Etxeberria eta Gaskue.

Pilotazaleen gozamenerako hitzordua izan zen atzo, ostirala, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Izan ere, lehen mailako buruz buruko partida jokatu zuten frontoian. Lehia horretan, Elordik eta Artolak neurtu zituzten indarrak, eta Artola aise nagusitu zen: 22 eta 8 irabazi zuen partida, nagusitasun osoz. Konfiantzaz arituta eta joko bikaina eginda, alegiarra Buruz Buruko Txapelketako finalerdietara igaro zen atzo Gurean.

Ondoren, Egiguren V.aren eta Zubizarreta III.aren buruz buruko partida jokatzekoak ziren, baina atzo bertan Baiko eta Aspe enpresek jakinarazi zutenez, Zubizarreta III.ak sukarra zuen, eta ezin izan zuen Egiguren V.aren aurka jokatu behar zuen final laurdeneko partida jokatu. Ondorioz, galdutzat eman zioten partida Zubizarretari, 22-0eko emaitzarekin.

Hirugarren partida, aldiz, binakakoa izan zen, eta Elezkano II.a-Erostarbe eta Etxeberria-Gaskue bikoteak izan ziren lehian. Etxeberria eta Gaskue nagusitu ziren lehian, 22 eta 9.