Laxaro Azkune: "Azpeitiko auzoak jendez eta izaeraz ari dira husten"

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urt. 8a, 10:00

Oroimen bizia, Azpeitiko auzoak XX. mendean’ liburua idatzi du Laxaro Azkunek, eta Azpeitiko Udalak argitaratu du. Gaur aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean, 18:30etik aurrera.

(E. Albizu Lizaso) Nondik sortu da gai hau lantzeko ideia? Udaleko hezkuntza lantaldean sortu zen ideia, eta nigana etorri ziren. 2014ko urrian heldu genion proiektuari. Azpeitiko auzoak aldatu egin direla-eta, horren testigantza jasotzea nahi zuten. Beti bizi izan dut auzo- eta baserri-giro hori. Belaunaldi aldaketak eragina izan du, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Nola osatu duzu liburua? 11 auzotan banatu dut herria, eta bertako pertsonekin egon naiz, 1920 eta 1950 artean jaiotakoak, gehienak. Haiek kontatu didate nola bizi ziren gazte denboran. Horrez gain, Ahotsak-ek eginiko grabazio batzuk ere erabili ditut. Puntu batzuei jarraiki osatu dut lana: familia, bizimodua, lana, erlijioa, ikasketak, festa eta erromeriak, pasadizo bereziak eta abar. Informazio bilketa egin dut, eta gero txukunketa. Auzo bakoitzak bere kapitulua du, eta beste atalburu bat osatu dut Azpeitia izenburuarekin, auzo guztietan agertu diren datu komunekin. Bestalde, saiatu naiz auzo bakoitzeko pertsonaia garrantzitsu edo entzutetsuak biltzen: kirolariak, musikariak, misiolariak, idazleak... Auzoen banaketa egiteko zer irizpide erabili dituzu? Auzo bezala funtzionatu eta bizi izan diren guneak hartu ditut. Ez dut erabili udalak duen banaketa ofiziala. Esate baterako, Landeta ez dute auzotzat hartzen herriko mapan, baina XX. mendean protagonismo handia izan du, eta nik sartu egin dut. Bere izaera du auzo bakoitzak: nola definituko zenituzke? Hain zuzen, kapitulu bakoitzari azpititulu bat jarri diot, ezaugarri nabarmen batekin. Aratzerreka aizkolarien kabia izan da; Elosiaga-Eizmendi auzoak Urrakiko igoerako errepidea du ezaugarri; Landeta auzoa nabarmentzen da baserritarrek aukera izan zutelako industrialdetan lan egiteko; Lasaori Argiaren auzoa deitu diogu, bertan jarri baitzuten argindarra sortzeko Espainiako lehen dinamoa; Loiola Jesuitek markatzen dute, baina familia indartsuen auzo ere izan zen; Matxinbenta sukaldarien harrobi bezala ezagutzen dugu, Lasatarrak ditugu horren erakusle; Nuarbe otarragintzaren unibertsitate bezala definitu dut; Odria bertsolarien mintegi gisa; Oñatz apustuzaleen gune, eta Urrestilla, herria amets. Izan ere, aldarrikapen hori egin izan dute auzoan 70etik aurrera. Baserri mundutik begiratu diezu auzoei. Bai. Baserri munduari eta baserritar eta kaletarren arteko istiluei. Baserri munduari zor zitzaion aitorpen bat, protagonismo handia izan duelako; eta, gaur egun, azpeitiar askoren sustraiak baserrian ditugulako. Hangoak dira gure arbasoak. Bizitzeko modu hori desagertzen ari den garaiotan, lekukotza jasotzea eta zaintzea garrantzitsua da. Desberdintasun handiak aurkitu dituzu auzoz auzo? Auzo bakoitzak bere nortasuna eta izaera du, eta garai batean oso indartsuak izan ziren. Eskolan, jaietan, apustuetan... auzotar denak bat izaten ziren, familia bat bezala. Erronketan, zer esanik ez, auzotarrek beraien auzotarra babesten zuten. XX. mendetik gaur arte, aldaketa handiak sumatu dituzu? Azpeitiko auzoak jendez eta izaeraz ari dira husten. Eskolak kalera ekartzeak, esate baterako, eragina izan dute: enpresak, kooperatibak... ere bai. Orain, maiorazkoak soilik gelditu dira baserrietan, halabeharrez, eta auzoetako etxeak bizitoki bezala mantendu dira, lo egiteko leku gisa. Auzo eta baserri bizitza ez da lehengoa. Bilgune edo leku erreferentzialak ere galtzen ari dira; eliza topaleku bezala, tabernak, elkarteak... ixten ari dira. Baserriaren beherakada eta auzoena, biak bat? Garai batean bere kasa funtzionatzen zuen baserriko produktuen salerosketak, eta orain, lagunduta ere nahikoa lan. Globalizazioaren ondorioa: merkeago da hegazkinez ekartzen diguten janaria. Baserritik bizi den gero eta jende gutxiago dago, eta horrek eragiten du auzoak ahultzea. Beste era bateko plateamendua egiten ez bada, hau desagertzera doa.