Tolosako Arozena harategiak irabazi du Euskal Herriko VIII. Txorizo Egosi Lehiaketa, Azpeitiko XV. Libre Ardo Dastaketa Egunean

Anartz Izagirre 2022ko aza. 12a, 16:46

XV. Libre Ardo Dastaketa izan da gaur, larunbata, eta jende mordoxka bildu da plazan ardoa, txorizo egosia zein gazta dastatzeko asmoz. Euskal Herriko VIII. Txorizo Egosi Lehiaketa ere izan da, eta aurten Tolosara joan da lehen saria; hain zuzen ere, Arozena harategiak eskuratu lehen postua. Festak aurrera jarraitzen du kaleetan zehar.

Eguraldi bikaina lagun, giro ederrean egin dute XV. Libre Ardo Dastaketa plazan. 2019an egin zen azkenengoz ardo dastaketa, eta orduan ez bezala, oraingoan beroa eta eguraldi ona izan dira nagusi plazan. 11:30etik aurrera, apurka-apurka, jende mordoa bildu da plazan Arabako Errioxako eta Errioxako jatorri izeneko hamasei upategitako ardoak dastatzeko xedez. Hain zuzen ere, honako upategietako ardoak izan dira dastagai: Arabako Errioxako jatorri izeneko Tobelos, Luis Alegre, Eguren Ugarte, Viña Salceda, Viña Real, Ostatu eta Pierola; Errioxako jatorri izeneko Rioja Vega, Zinio, Dominio de Berzal, Cvne, Beronia, Valcuerna eta Olarra; eta Nafarroako Inurrieta eta Portugalgo Quinta do Barco. Bestalde, herriko gaztandegietako gazta probatzeko aukera ere izan da, eta txorizo egosiaren postuan Misio Taldeko kideak aritu dira lanean; hortik bildutako dirua talde horren elkartasun proiektuetarako izango da.

Horrez gain, Euskal Herriko VIII. Txorizo Egosi Lehiaketa izan da gaurkoan, eta Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako 27 harakinek parte hartu dute bertan. Ohi baino beranduago eman dute txapelketaren irabazleen berri; izan ere, bigarren postuan berdinketa izan da, eta atzeratu egin da sari banaketa. 14:30ak heltzear zirela jakinarazi dituzte aurtengo irabazleen izenak. Lehen saria Tolosako (Gipuzkoa) Arozena harategiarentzat izan da, bigarrena Donostiako Arteaga harategiarentzat, eta hirugarrena, Ibarrako (Gipuzkoa) Joxe Mari Barriola harategiarentzat. Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa zinegotzia, Ainhoa Maiztegi Gipuzkoako Harakinak elkarteko kidea eta Ederto harakin taldeko Maria Luisa Odriozola izan dira sariak banatzen. Aurtengo txapelketaren epaimahaia honakoek osatu dute: Arantxa Arregi, Beatriz Larrañaga, Jesus Mari Deba, Mikel Uria eta Ederto elkarteko ordezkaria.


Txorizo egosi txapelketaren irabazleak txapela eta Mikel Sanjuan tailugileak egindako garaikurra jaso ditu. Bigarren eta hirugarren egin dutenek, berriz, Azpeitiko Udalaren garaikurra jaso dute. Txapelketan parte hartu duten harakinek diploma bana ere eskuratu dute, eta horien guztien artean asteburu pasa ere zozkatu dute. Horrez gainera, txapelketan aurreneko postuan sailkatu diren hiru harakinei datorren urtean Azpeitiko plazan txorizoa saltzeko postua jartzeko aukera eskaini diete.

Arratsaldean, Errebalean San Martin festak izanik, sokamuturra izango da kale horretan.