Ibon Gaztañazpik solasaldia eskainiko du astelehenean Azpeitiko euskaltegian

Julene Frantzesena 2022ko aza. 26a, 09:18
Ibon Gaztañazpi. (EITB)

Euskararen Egunaren harira antolatu du elkarrizketa formatuko solasaldia Udal Euskaltegiak. 18:30ean izango da herritar ororentzat irekitako saioa.

Euskararen Egunaren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Azpeitiko Udal Euskaltegiak. Etzi, astelehenean, adibidez, Ibon Gaztañazpi kazetariak hitzaldia eskainiko du. Euskaltegian bertan egingo du solasaldia, elkarrizketa formatuan, eta herritar guztiek izango dute hara joateko aukera. 18:30ean hasiko da saioa.

Ez da Gaztañazpiren hitzaldia, baina, Euskaltegiko kideek egunotarako prestatu duten ekintza bakarra. Izan ere, aste honetan Xabier Zabala musikari eta konpositorea eta Euskaraldiaren kantuaren sortzailea izan da euskaltegian; musikaz nahiz sormenaz hitz egin zuen hark Etorkizun programan parte hartzen ari diren gaztetxoen aurrean. Bestalde, euskaltegiko hainbat ikaslek euskal dantzak ezautzeko eta ikasteko aukera izango dute datorren astean.