Azpeitia eta Hiru Erregeen Mahaia lotuko dituen ibilbidea antolatu du 2023rako Lagun Onak MBk

Anartz Izagirre 2022ko aza. 26a, 10:01
Hiru Erregeen Mahaia tontorraren irudi bat. (Wikipedia)

Euskal Herriko mendi tontorrik altuenera ibilbidea egingo du Lagun Onak Mendi Bazkunak datorren urtean. Guztira, 227 kilometroko ibilbidea egingo dute Azpeititik hasita Hiru Erregeen Mahaia mendira, hamar etapatan banatuta. Urtarrilaren 14an egingo dute lehen etapa, Azpeititik Andoainera.

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkuna dagoeneko ari da 2023rako ekintzak prestatzen, eta egunotan, urteko lehen bederatzi hilabetetan banatuko den ibilbide baten berri eman dute. Hain zuzen ere, Azpeitia eta Hiru Erregeen Mahaia —Euskal Herriko tontorrik altuena da, eta 2.446 metro ditu— lotuko dituen ibilbidearen berri eman du Lagun Onakek, eta hori izango da elkarteak datorren urtean helduentzat egingo duen ekimen nagusienetako bat. Guztira, 228 kilometroko ibilbidea egingo dute hamar etapatan banatuta; urtarrilaren 14an egingo dute lehen etapa, Azpeititik Andoainera, eta irailaren 10ean izango da azkena, Lintzatik Hiru Erregen Mahaira.

Joan diren urteetan Lagun Onakek egin dituen beste hainbat ibilbideren antolamendu bera izango du; hau da, Azpeitia-Hazparne, Azpeitia-Bilbo, ardoaren eta arrainaren ibilbidea eta Azpeitia-Iruñea ibilbideen tankerako formatua izango du. "Ekimena mendizaleei, ibiltariei edo naturazaleei orokorrean zuzendua dago, eta egon daitekeen erronkarik handienetakoa zein politenetakoa izan daiteke: etxetik abiatu eta Euskal Herriko gailurrik altuenera iristea", azaldu dute antolatzaileek. "Kokalekuagatik, kondairak dio antzina Nafarroako, Aragoiko eta Frantziako (Biarno) erregeak tontorrean biltzen zirela arazo desberdinez hitz egiteko, bakoitzak bere lurraldea utzi gabe", gehitu dute.

Hamar etapa, hamar egun

Guztira, 20 eta 30 kilometro artean izango dituzten hamar etapa izango ditu Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia ibilbideak, eta hamar egunetan banatuko dituzte txango horiek, beste hainbat ibilbidetan bezala. "Kasu honetan, ordea, autobusean pixkat kilometro gehiago egitea tokatuko da, eta azkenengoen kasuan, bi egunetako asteburuko irteerak izango dira", jakinarazi dute Lagun Onakeko kideek. Ibilbide horretan zehar "hainbat herri, lepo, baseliza, tontor eta leku interesgarritatik igarotzeko aukera" izango dute partaideek, eta Gipuzkoan hasiko bada ere, Nafarroan egingo dute ibilbidearen zati handiena.

Hona hemen etapa bakoitzaren ibilbidea eta data:

  • 1. etapa. Urtarrilak 14. Azpeitia-Andoain. Ibilbidea: Azpeitia – Arroita – Sañu – Zelatun – Iturriotz – Andatza inguruak – Belkoain – Andoain (30 km).
  • 2. etapa. Otsailak 11. Andoain-Goizueta. Ibilbidea: Andoain – Oindo (785m) – Mairubaratza – Alkaso – Goizueta (22 km).
  • 3. etapa. Martxoak 11. Goizueta-Labaien. Ibilbidea: Goizueta – Bilutzikar (807m) – Atsotegieta (1.021m) – Arainburu (1.054m) – Ekaitza (1.046m) – Auritz – Labaien (28 km).
  • 4. etapa. Apirilak 1. Labaien-Belate. Ibilbidea: Labaien – Gorostieta (GR12) – Soratxipi (1.069m) – Belate (20 km).
  • 5. etapa. Maiatzak 13. Belate-Sorogain. Ibilbidea: Belate – Okolin (1.355m) - Artesiaga gaina – Artsai (1.230m) – Urkiaga gaina – Sorogain (25 km).
  • 6. etapa. Ekainak 3. Sorogain-Orbara. Ibilbidea: Sorogain - Oriol Sole monolitoa – Burgete - Orbara (24 km).
  • 7. etapa. Uztailak 1. Orbara-Otsagabia. Ibilbidea: Orbara – Aezkoa – Martxate – Abodi – Muskildako baseliza – Otsagabia (25 km).
  • 8. etapa. Uztailak 2. Otsagabia-Izaba. Ibilbidea: Otsagabia – El Hordial – Idoiako baseliza – Izaba (21,5 km).
  • 9. etapa. Irailak 9. Izaba-Lintza. Ibilbidea: Izaba – Belabartze – Argibieta gaina – Zuriza – Lintza (16 km). 
  • 10. etapa. Irailak 10. Lintza-Hiru Erregeen Mahaia. Ibilbidea: Lintza - Hiru Erregeen Mahaia - Lintza (16 km).