Agintaldiko azken aurrekonturako proposamena prest du Azpeitiko Udal Gobernuak

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 1a, 20:33
Aitor Bereziartua, Nagore Alkorta, Leire Goenaga eta Josu Labaka udaletxe atarian, agerraldiaren ondoren. (Mailo Oiarzabal)

22.847.155 euro izango ditu Azpeitiko Udalaren 2023ko aurrekontuak, aurtengoak baino 1.100.000 euro gehiago, %5eko igoerarekin. Babes soziala, tokiko ekonomia sustatzea eta energia trantsizioa "ardatz" hartuta osatu du proposamena EH Bilduren udal taldeak. Abenduaren 13ko udalbatzarrean onartuko dituzte 2023rako kontuak.

Azpeitiko Udal Gobernuak gaur aurkeztu du 2023rako udal aurrekontuen proposamena. EH Bilduren udal taldeak gehiengo osoa duela kontuan hartuta, proposamen hori da, ezuste handirik ez bada, aurrera irtengo dena datorren abenduaren 13ko udalbatzarrean, bilkura horretan landuko dituzte-eta 2019-2023 udal agintaldiko azken aurrekontuak izango direnak.

22.847.155 euro izango ditu Azpeitiko Udalaren datorren urteko aurrekontuak, aurtengoak baino 1.100.000 euro gehiago. 2022koa zen orain arte udalak izan duen aurrekonturik handiena, baina 2023koak gaindituko du, %5eko igoerarekin; Foru Funtsetik 900.000 euro gehiago jasotzeak eta udalak jasoko dituen bestelako dirulaguntzak daude aurrekontuaren hazkunde horren oinarrian, Nagore Alkorta alkateak gaurko agerraldian azaldu duenez. "Azpeitiarren beharrei erantzuteko" aurrekontua osatu dutela esan du alkateak, eta Udal Gobernuaren proposamenaren "ardatz" diren hiru arloak aipatu ditu: "Arlo estrategiko guztiek handituko dute bere gastu ahalmena, arlo soziala indartu, tokiko ekonomia sustatu eta energia trantsiziorako oinarriak jartzen jarraitzeko".

Pandemiaren atzetik etorri diren gerra, prezioen igoera eta inflazioa tarteko, aurten ere aurrekontuak "testuinguru aldakor eta ziurgabetasunez betean" landu behar izan dituztela esan du Alkortak, baina faktore horiek guztiak kontuan hartuta ere, alkatearen ustez "Azpeitiko Udala inoiz baino sendoago agertzen da egoerari aurre egiteko eta egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko". Herria eta herritar guztiak "kontuan" izango dituen aurrekontu proposamena landu du Udal Gobernuak Alkortaren aburuz, "pertsonak ardatz" dituena, bereziki "zaurgarrienak", horiek babestuta "herri orekatu eta justuago baterako bidea urratuz". Gai estrategikoei "anbizioz heldu" eta "aurrekontu proiektu sozial eta jasangarria osatu" dutela ere esan du alkateak, eta "bi helburu bete" dituztela gaineratu du: 2019-2023 agintaldirako EH Bilduren programan jasotakoak eta aurreikusitako proiektuak gauzatzea, batetik; eta azpeitiarren ongizatea bermatzea, bestetik.

Gizarte politikak indartzea xede

Inflazioak eta bizitzaren garestitzeak "guztioi eragin" arren, "guztioi modu berean ez" diela eragiten gogoratu du Leire Goenaga Ogasun eta Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Horregatik dira "beharrezkoak pertsona zaurgarrienak babesteko neurriak", eta horietan sakondu nahi izan du Udal Gobernuak aurrekontu proposamen berriarekin.

Udalaren sail "ia guztiek" izango dute 2022an baino aurrekontu handiagoa 2023an, baina Gizarte Zerbitzuen sailarena nabarmendu dute gaurko agerraldian. Azken urteetan urtetik urtera hazten joan da, eta 2023an %15 haziko da departamendu horren aurrekontua. Horrez gain, herritar zaurgarrienak babesteko eta desberdintasun sozialei aurre egiteko gizarte larrialdiko laguntzak eta udalaguntzak %10 igoko direla jakinarazi du Goenagak; 539.000 euro bideratuko ditu udalak arlo horretara. Pentsio baxuak dituztenentzako laguntzei eutsiko die erakundeak datorren urtean, eta mendekotasun egoeran dauden herritarrei eskaintzen dien etxez etxeko laguntza "handitu" egingo du, 717.000 euroko diru poltsarekin. "Zaintza eta akonpainamentu sareak sortuz behartutako bakardade egoerei aurre egiteko neurriak hartzen jarraituko dugu, hala nola, eguneko unitatea handituz eta etxebizitza tutelatuen eskaintzarekin. Zahartzaro duin eta zoriontsua izan dezagun neurriak hartzen jarraituko du udalak datorren urtean ere", adierazi du Goenagak. Ongizate emozionalari begira aurten martxan jarri dituzten egitasmoekin jarraituko dutela gaineratu du, eta horiei proiektu berri bat gehituko zaie, udalak Osakidetzarekin elkarlanean garatuko duena; gaurko agerraldian ez dute horren gaineko xehetasun gehiago eman, baina herritarren ongizate emozionala hobetzen laguntzeko egitasmoetarako 59.000 euro jarriko dituzte.

Tokiko ekonomia eta energia trantsizioa

Tokiko ekonomia sustatzeko dirulaguntzak mantendu egingo ditu udalak datorren urtean, 400.000 eurorekin. Laguntza horiek "momentuko beharretara" egokitzen joan da erakundea azken urteetan, eta horrela egiten jarraitzeko "konpromisoa" dutela esan du Aitor Bereziartua zinegotziak: "Bide horretan, sektore ezberdinei lagundu, jarduera ekonomiko berriak eta kalitateko enplegua sustatu, eta langabezia murrizteko ahaleginean jarraituko dugu". Iraurgi Berritzen garapen agentziara 400.972 euro bideratuko ditu udalak, eta lehen sektoreari lotuta, Azoka Plaza "indartzen" eta "bertako produktuen kontsumoa sustatzen" jarraituko dute, Bereziartuak azaldu duenez.

Energia trantsizioari dagokionez, Azpeitian "oinarri sendoak" jartzen ari direla adierazi du zinegotziak, udala energia berriztagarrien aldeko "apustu irmoa" egiten ari dela gaineratuta. "Ekindar 2023. urtean martxan jarriko da. eta pixkanaka. eraikin publikoetako teilatuetan eguzki plakak jartzen ari gara. Igerilekuan geotermia sistema eta eguzki plakak jarriak ditugu, udaletxean ere bai. Epe laburrean, Azoka Plazan eta Soreasun jarriko ditugu, eta 2023an lanketa horretan jarraituko dugu. Argiteria publikoan ere lautik hiru argi LED-ak dira, eta falta diren horiek aldatzeko proiektua ere egina dugu; 760.000 euro jarri dira", zerrendatu ditu Bereziartuak energia eraginkortasunaren eta berriztagarriaren arloan udalak martxan dituen edota jarriko dituen proiektuak. Haren hitzetan, "jasangarritasunaren bidetik Azpeitia hobetzen jarraitzeko helburua du udalak".

Azpiegiturak eta inbertsioak

2023rako aurrekontu proposamenean jaso dituzten azpiegituren hobekuntzak eta inbertsio nagusiak izan ditu hizpide Josu Labaka zinegotziak. Herriko azpiegiturentzat eta horien mantenimenduarentzat "diru gehiago" jarriko dutela esan du Labakak. "KPIaren igoera dela eta, hornidura gastuen hazkundea aurrikusi da, eta udal zerbitzuetarako ere bai: kale garbiketa eta mantentze lanak, eraikinen garbiketa...", zehaztu du, eta gaineratu du udalaren helburua "herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta bermatzea" dela.

Agintaldiko azken aurrekontuarekin "azken hiru urteotan egindako lanketa borobiltzen saiatuko" da Udal Gobernua. Labakaren esanetan, 2019-2023 eperako zuten programaren "ehuneko handi bat" beteta bukatuko dute agintaldia. Dagoeneko martxan dituzten proiektuak bukatzea da, beraz, asmoetako bat, Labakak baieztatu duenez; bide horretan, 2022rako aurreikusitako zenbait proiektu ere txertatu dituzte 2023ko aurrekontu proposamenean.

Inbertsioen atalean, irisgarritasunari lotutako urbanizazio lanak egin nahi dituzte datorren urtean 1766ko Matxinada kalean, Urrestillan, Sanjuandegiko skate parke zaharrean eta Arana Goikoan, eta Sistiagaerrekako bidea konpontzea ere aurreikusten dute. Haur parkeei dagokioenez, hiru –ez dute zehaztu zeintzuk– eraberrituko dituzte, eta gainerakoetan ere hobekuntza lanak egingo dituzte. Kultur eta kirol eraikinak egokitzeko lanekin jarraituko dutela esan du Labakak, eta Soreasuko kulturgunean musika eskolaren egoitza berria prestatzea eta Telefonica zaharraren eraikineko lanak bukatzea –Aste Santu ingururako, Labakak esan duenez– izango dira, azpiegiturei dagokienez, udalaren 2023rako erronka nagusienetakoak.