Eneko Saralegik irabazi du II. Euskal Duatloia

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 5a, 16:48

Gaur eguerdian jokatu dute finala, Azpeitian. 30:35 izan da txapeldunaren marka, Ugaitz Mugertzak iaz egindakoa baino ia bi minutu hobea.

Finalerako azken txartela lortu zuenarentzat izan da II. Euskal Duatloiaren txapela. Eneko Saralegi seigarrena izan zen otsailaren 11n jokatutako kanporaketan, eta Errazkingo nafarrak irabazi du gaur eguerdian Azpeitiko zezen plazan jokatu den finala; aldearekin, gainera. 30 minutu eta 35 segundo behar izan ditu Saralegik, iazko hirugarren sailkatuak, 45 ontzako lau enbor etzanda moztu, 4 kilometro korrika egin eta zutik jarritako 45 ontzako beste lau enbor ebakitzeko. Marka horrekin, ia bi minutu ondu du nafarrak iaz Ugaitz Mugertzak I. Euskal Pentatloia irabazi zuenean ezarritakoa, eta bi minutu pasatxoko aldea atera dio gaur bigarren sailkatu den Ibai Soroari (32:36).

Hiruko bi txandatan banatuta aritu dira sei finalistak gaur zezen plazan. Lehen txandan, kanporaketan laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatu zirenak lehiatu dira; Suharri Rodriguez, Xabier Zaldua eta Eneko Saralegi, alegia. Saralegi lehen aizkora saioan jarri da buruan, eta aldea handitzen joan da bukaera arte. Korrika saioan horrenbestean eutsi dio Suharri Rodriguezek, baina zutikako enborretan zuloa ireki du txapeldunak. Zaldua, aldiz, atzean gelditu da, eta seigarren eta azken tokian bukatu du finala euskal pentatloiaren aro berrian txapel gehien dituen kirolariak.

Bigarren txandan, berriz, sailkatze saioan hiru denbora onenak egin zituztenak lehiatu dira: Oier Kañamares, Ibai Soroa eta Arkaitz Jauregi. Hautsi beharreko marka ezagutzearen abantaila zuten hirurek, baina alferrik, Saralegiren emaitzatik urruti ibili baitira hirurak. Lehen txanda baino parekatuagoa izan da bigarrena, baina Soroa bere zutikako azken enborra mozten hasi denerako erabakita zegoen garaipena.

Bederatzi kirolari lehiatu ziren I. Euskal Duatloiaren finalean eta sei izan dira finalistak bigarren edizioan. Iazko finalistetatik hiruk besterik ez dute errepikatu aurtengoan: Saralegik (hirugarrena izan zen 2022an), Jauregik (bigarrena, iaz) eta Oier Kañamaresek (laugarrena iaz, bosgarrena aurten).

Hauek dira II. Euskal Pentatloiaren finalaren emaitzak:

  1. Eneko Saralegi (30:35).
  2. Ibai Soroa (32:36).
  3. Suharri Rodriguez (33:29).
  4. Arkaitz Jauregi (33:46).
  5. Oier Kañamares (35:53).
  6. Xabier Zaldua (36:19).