Pasaiako segadan hildakoak gogoan izan dituzte beste urte batez

Julene Frantzesena 2023ko mar. 22a, 20:43

Hildakoen omenezko oroitarriaren ondoan egin dute ekitaldia. Eusko Jaurlaritzak EHUren txostena hiru urtez kaxoian laga izana salatu dute hildakoen senideek, eta Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordeak egindako adierazpenek "mina areagotu" diela azaldu dute. "Zintzo jokatzeko eta behar diren pausoak emateko" garaia dela aldarrikatu dute.

Gaur bete dira 39 urte Espainiako segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztela Pasaiako badian. Hain zuzen ere, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituzten 1984ko martxoaren 22 hartan.

Hilketaren urtemuga tarteko, ohi bezala, Udal Liburutegiaren atzealdean kokatuta dagoen oroitarriaren ondoan oroitu dituzte hildakoak, eta haien senideei omenaldia egin diete gaur iluntzean. 19:00etarako dozenaka lagun elkartu dira han, eta abesti eta bertso banarekin hasi dute ekitaldia. Ondoren, dantzari batek agurra egin die Kurroren eta Pelitxoren senideei, eta horiek lore sorta bana ere jaso dute.

Segidan, Pelitxo zenaren arreba Arantxa Isartek hartu du hitza, eta berriki Eusko Jaurlaritzak eman dien EHUren Unesco katedrak egindako txostena izan du hizpide. Hark azaldu duenez, txostena duela hiru urte bukatu zuten egileek, eta urteotan txosten hori non egon den ez dakitela azaldu du. "Imajinatuko duzue zer sentipen dugun familiok".

Hildakoen familiek duela urte batzuk erabaki zuten Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzea, eta duela gutxi testigantza ematera joan zirela azaldu du. "Martxoaren 3an joan ginen gure testigantza eskaintzera, eta nahiko gustura atera ginen handik. EHUren txostenaz zerbait ba al genekien galdetu ziguten, eta ezetz esanda, egun hartan eman ziguten. Pozak gutxi iraun zuen; izan ere, txostena irakurri eta harrituta gelditu ginen".

Isartek adierazi duenez, EHUren txostenean jasota dagoen gomendioetako bat da txostena plazaratzea eta familiei ematea, eta oraintsu arte ez dietela eman salatu du: "Gainera, txostenean jasota dagoenez, segada argitzeko borondaterik ez da egon eta erakundeen isiltasunak horretan ez du askorik lagundu".

"Zintzo jokatzeko garaia"

Isartek "behingoz egia jakiteko" ikerketa egitea eskatu du, halaber. "Urteotan botere judizialaren porrota ikusi dugu, ikusi dugu zer argudio erabili dituzten eze ez argitzeko. Orain zazpi polizia deitu dituzte errekonozimendu errondara, baina orain arteko esperientzia ikusita, ez dugu aldaketa handirik espero". Haren arabera, "zintzo jokatzeko eta behar diren pausoak emateko" garaia da. Hark eskerrak eman dizkie herritarrei babesa agertzeatik, beraientzat "oso garrantzitsua" baita hori.

Ekitaldiaren bukaeran, Kurro zenaren anaia Peio Aizpuruk ere hartu du hitza, eta hark berriro ere "harra piztu" zaiola jakinarazi du. Sailburuordeak gaur eguerdian ETBn egin dituen adierazpenek "mina areagotu" egin diela salatu du –albiste honetan irakur daitezke sailburuak esanak–. "Txostena eskura lehenago eman ez digutelako barkamena eskatu digu, baina eman zigutenez geroztik hiru aste daramatzat Jaurlaritzako norbaiteki hitz egin nahian, eta ez dut lortu. Kasurik ez digute egiten, hori da egia. Txostena lehenago eman izan baligute, aditu taldearekin lanean ariko ginatekeen honezkero, baina hiru urte alferrik galdu ditugu. Barkamen soil batekin konpondu nahi dute guztia, ez dago eskubiderik; gero esango dute biktima guztiak modu berean tratatzen dituztela...".

Ekitaldiak eta elkarretaratzea

Gaur EHUk gauzatutako txostenaz hitz egin badute ere, azalpen zehatzagoak larunbaterako prestatu duten ekitaldian emango dituztela adierazi dute hildakoen senideek. Zapatuko ekitaldia Azoka Plazan izango da, 19:00etan.

Aurten, gainera, Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak berriz ireki du Pasaiako segadaren auzia, eta auzitegi horrek martxoaren 28rako deklaratzera deitu ditu 1984ko martxoaren 22an Pasaian izan zen polizia operazioan parte hartu zuten zazpi polizia. Egun horretan bertan, gertaerak ikertzeko eta argitzeko eskatuz kontzentraziora deitu du Pasaiako Sarraskia Argituk, Donostian Gipuzkoako Auzitegi Nagusiaren aurrean. 10:00etan hasiko dute protesta, Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu! lelo hartuta.

Halaber, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Pasaiako segadan hildakoak gogoan ekitaldia antolatu du larunbaterako. Azpeitiko Esklabetako Zentro Sozialistan egingo dute ekitaldia, 13:00etan hasita, Langile mugimenduaren omenez leloarekin. Honako lotura honetan irakur daiteke Kontseilu Sozialistaren irakurketa.